HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 29

Aldi hartan, Herodesek Joan harrapatu eta kartzelan lotua zuen, Herodias zela eta. Herodesen anaia Feliperen emaztea zen Herodias, baina Herodesek bere emaztetzat hartua zuen, eta Joanek esaten zion: «Ez zaizu zilegi zeure anaiaren emaztea edukitzea». Horregatik, gorroto zuen Herodiasek Joan eta hil egin nahi zuen, baina ezin, Herodesek begirune baitzion Joani; gizon zuzen eta santutzat zeukan, eta babestu egiten zuen. Joanen hitzek kezkarik sortzen bazioten ere, gogoz entzuten zion. Etorri zitzaion, ordea, Herodiasi aukerako eguna: Herodesek, bere urtebetetzean, afaria eman zien agintari, gudalburu eta Galileako handikiei. Sartu zen jantokian Herodiasen alaba eta dantzan egin zuen, eta atsegin izan zitzaien Herodesi eta mahaikideei. Orduan, erregeak esan zion neskatxari: «Eskatu nahi duzuna, eta emango dizut». Eta zin eginez agindu zion: «Eskatu ahala guztia emango dizut, nire erreinuaren erdia bada ere». Atera zen neskatxa eta bere amari galdetu zion: «Zer eskatuko diot?».  Amak erantzun: «Joan Bataiatzailearen burua». Itzuli zen arin-arin erregeagana eta eskaria egin zion: «Emadazu oraintxe bertan Joan Bataiatzailearen burua azpilean». Goibel jarri zen erregea, baina mahaikideen aurrean egindako zinagatik, ez zion ukatu nahi izan. Berehala, bere guardiako bat bidali zuen, Joanen burua ekartzeko aginduz. Joan zen hura kartzelara eta lepoa moztu zion, eta azpilean ekarri zuen burua; neskatxari eman zion, eta neskatxak amari. Joanen ikasleak, hori jakitean, haren gorpua jasotzera etorri eta hilobian ehortzi zuten.

Markos 6, 17-29.

«Eskatu nahi duzuna, eta emango dizut» esan zion Herodesek Herodiasen alabari. Herodes izaki mundutarra zen eta bere mundutasunagatik Joan Bataiatzaileari burua moztu zion. Munduaz bakarrik bizi garenean, Zerukoa gure bizitzan bizitzeari uzten diogu, eta horrek bere ondorioak dauzka: bidegabekeriaren aurrean axolagabekeria eta, are okerrago, Jainkoaren anti-Erreinuaren eraikuntza. Oso erraza da Betierekoa, Santua gure bizitzatik baztertzea. Baina jakin behar dugu hori egiten dugunean, behartsuak ere gure bizitzatik baztertzen ditugula, mundu gizatiarrago eta ederrago baten aldeko borroka ere baztertzen dugula, santutasunaren bilatzea ere baztertzen dugula, etab. Erraza da buruak mozten amaitzea bururik gabe bizi garenean.

Mikel Iraundegi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.