HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 28

Aldi hartan, larunbat batean, fariseu-buruetako baten etxera joan zen Jesus bazkaltzera, eta fariseuak zelatan zegozkion. Ohartu zen Jesus gonbidatuek aurreneko jarlekuak hartzen zituztela eta ohar hauek egin zizkien: «Ezteietara gonbidatzen zaituztenean, ez jarri mahaiburuan, baliteke-eta zu baino gonbidatu ospetsuagoren bat izatea; hala balitz, biok gonbidatu zaituztenak etorri eta esango lizuke: “Utzi tokia honi”. Orduan, azkeneko lekuan eseri beharko zenuke lotsaturik. Alderantziz, gonbidatzen zaituztenean, jarri azkeneko tokian, gonbidatu zaituenak, datorrenean, esan diezazun: “Adiskide, igo gorago!” Horrela, oso toki onean geldituko zara mahaikide guztien aurrean. Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena goratu». Eta gonbidatu zuenari esan zion: «Bazkari edo afariren bat ematean, ez gonbidatu zeure adiskideak, ezta senideak, ahaideak edota auzoko aberatsak ere; zeren haiek ere gonbidatu egingo baitzintuzkete, eta horrela ordaina hartuko zenuke. Otordua ematean, gonbidatu behartsuak, elbarriak, herrenak eta itsuak. Zorionekoa zu orduan, ezin izango baitizute ordaindu! Zintzoak piztuko direnean jasoko duzu ordaina».

Lukas 14, 1. 7-14.

Gaurko Ebanjelioan Jesusek bi gauza erakutsi nahi dizkigu: alde batetik, festaren protagonistak ez izatea eta, bestetik, doakotasunean bizitzen ikastea. Ba al dute loturarik bi irakaskuntza horiek? Itxuraz ez, baina pixka bat sakonduz gero, funtsean irakaspen bakarra dela ikusten baitugu: gure egoarekiko atxikimendu eza. Izan ere, gure egoa aldendu behar dugu bataioko haurra, ezkontzako andregaia eta hiletako hila ez izateko. Gure egoaren atxikimendu eza ere beharrezkoa da trukean ezer espero gabe eman ahal izateko. Horren guztiaren alde interesgarria da guk geuk ezin dugula geure burua geure baitatik kendu. Horretarako, Jesusek bere bizitzan parte hartzera gonbidatu behar gaitu eta guk Jesus gure bizitzetan parte hartzera gonbidatu behar dugu.

Mikel Iraundegi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.