HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 26

Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien ikasleei: «Zeruetako erreinuarekin, beren kriseiluak eskuetan hartu eta senargaiari bidera irten zitzaizkion hamar neskatxekin bezala gertatzen da. Neskatxetako bost zentzugabeak ziren eta bost zentzudunak. Kriseiluak hartzean, zentzugabeek ez zuten oliorik hartu; zentzudunek, ordea, kriseiluekin batera olioa ere hartu zuten ontzietan. Senargaiak luzatzen zuenez, logaletu egin ziren denak eta loak hartu zituen. Gauerdian oihu bat entzun zen: “Badator senargaia; irten zakizkiote bidera!” Jaiki ziren neskatxa guztiak, eta beren kriseiluak prestatu zituzten. Orduan, zentzugabeek esan zieten zentzudunei: “Emaguzue olio-pixka bat, kriseiluak itzaltzen ari zaizkigu eta”. Zentzudunek erantzun zieten: “Ea ez dugun nahikoa geuretzat eta zuentzat; hobe duzue, badaezpada, dendara joan eta erosi”. Baina, erostera joanak zirelarik, senargaia iritsi zen, eta prest zirenak ezteietara sartu ziren harekin. Eta atea itxi zuten. Iritsi ziren, azkenik, beste neskatxak ere eta dei egin zuten: “Jauna, Jauna, ireki!” Baina hark erantzun zien: “Benetan diotsuet, ez dakit nor zareten”. Egon, beraz, erne, ez baitakizue, ez eguna, ez ordua».

Mateo 25, 1-13.

Zer esan nahi du fedea modu zentzudun batean bizitzeak? Galdera honi erantzun nahi dio gaurko ebanjelioak. Eta erantzuna azkeneko esaldian agertzen da: “Egon, beraz, erne” (Mateo 25,13). Kristau zentzuduna erne dagoen kristaua da eta kristau zentzugabea erne ez dagoena. Baina, zertara egon behar gara erne? Víctor Küppersen esaldi batekin erantzungo diogu bigarren galdera honi: “Garrantzitsuena da garrantzitsuena garrantzitsuena izatea”. Jesusen Ebanjelioa al da nire bizitzan garrantzitsuena? Kezka honekin bizi den kristaua erne bizi den kristaua da, fedea modu zentzudun batean bizi duen kristaua, kriseiluekin batera olioa ere hartu zituzten bost neskatxak bezala. 

Mikel Iraundegi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.