HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 25

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Zaudete erne, ez baitakizue zein egunetan etorriko den zuen Jauna. Hartu hau gogoan: etxeko nagusiak baleki gaueko zein ordutan etorriko den lapurra, erne egongo litzateke eta ez luke bere etxea zulatzen utziko. Egon, bada, prest zuek ere, gutxien uste duzuen orduan etorriko zaizue-eta Gizonaren Semea. Izan zaitezte morroi leiala eta zentzuduna bezalakoak, nagusiak etxeko morroiei bere orduan janaria banatzeko eginkizuna eman dion morroia bezalakoak. Zorionekoa morroi hori, nagusiak, iristean, agindua egiten aurkitzen badu! Benetan diotsuet: bere ondasun guztien buru ipiniko du. Baina beste morroi gaizto hura, nagusiak luzatu egingo duelakoan, bere morroi-lagunak jotzen eta mozkorrekin jan-edanean hasten bada, gutxien espero duen egunean eta gutxien uste duen orduan etorriko zaio nagusia, eta gogor zigortuko du eta itxurazaleek merezi dutena emango dio. Han izango da negarra eta hortz-karraska!».

Mateo 24, 42-51.

Jainkoa edozein unetan etor daitekeela entzutean, zenbait oso urduri jar gaitezke. Eskolako ikasleak izango bagina bezala, irakasleak gelatik atera behar izan duenean ustekabe batengatik, haren itzuleraren beldur: “Badator, badator…!”.

Epaile zorrotz itxura hartu izan zaio Jainkoari mendeetan zehar. Gaur egun ordea, ez dugu irudi hori barneratzen: Jesus Jainkoaren berri ona ekartzera etorri zitzaigun.

Zorionekoak izango gara maitasunaren indarrak bultzaturik bizi bagara, zorionekoak izango gara egian eta zuzentasunean oinarritutako bizitza badaramagu, zorionekoak izango gara errukia eta solidaritza gure ADN bihurtzen baditugu.

Jainkoa goresteko eta zerbitzatzeko jakinduria lortzen badugu egunerokotasunean, topatuko dugu zoriontasuna. Eta honela, Jainkoa lagun dugula, gure alde dagoela jakingo dugu, talde berekoak sentituko gara. Eta ez diogu inolako beldurrik izango baizik eta Bera gure aldamenean egoteko irrikaz egongo gara.

Eska dezaiogun Jaunari esna eta erne bizitzeko grazia, bere akordeekin jo dezagun gure bizitzako musika, alaitasunez bizitzeko. Poza baita kristauon seinale, altxor ezkutu bat daramagulako, gurea ez dena baina guregan eragiten duena.

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.