HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Maiatzak 21

Aldi hartan, Jesusek, Jerusalemera bidean zihoala, igarotzen zituen herri eta auzoetan irakasten zuen. Batek esan zion: «Jauna, gutxi al dira salbatzen direnak?» Jesusek erantzun zien: «Saia zaitezte ate estutik sartzen. Egiaz esan, askok sartu nahi izango du, baina ezin izango da sartu. Etxeko jaunak jaiki eta atea itxiz gero, kanpoan geldituok ate joka hasiko zarete: “Ireki, Jauna!” Baina hark erantzungo dizue: “Ez dakit nongoak zareten” Zuek, orduan, honela hasiko zatzaizkiote: “Zurekin jan eta edan izan dugu, eta Zuk gure plazetan irakatsi izan duzu” Baina hark erantzungo dizue: “Ez dakit nongoak zareten. Alde nigandik, gaizkileok!” Orduan, negarra eta hortz-karraska izango da, Abraham, Isaak eta Jakob eta profeta guztiak Jainkoaren erreinuan ikustean, zeuen burua, berriz, jaurtia. Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, iparretik eta hegotik, eta Jainkoaren erreinuko mahaian eseriko dira. Begira: orain azkeneko den zenbait lehenengo izango da, eta lehenengo den zenbait azkeneko».

Lukas 13, 22-30.

Zaila eta arrotza izan daiteke gaurko Jesusen mezua: nortzuk salbatzen diren, ate estutik pasa behar izatea, etxeko jaunak atea itxi, hortz-karraska…

Ate estutik pasatzeak esanahi negatiboa dakar. Kostata, harramazkaren batekin, tentu handiz pasa behar izaten ditugu hainbat ataka gure bizitzan. Horregatik, uko egin eta atzeratu egiten ditugu honelako egoerak. Esate baterako, gure artean liskarrak ditugunean, ezin dugunean jasan gure ondoko norbaiten ohitura edo maniaren bat edota honek gure onetik ateratzen gaituen. Horiek izan daitezke gure egunerokoan zeharkatu behar ditugun ate estuak. Eta hauei aurre egiteko moduan lortuko dugu salbazioa ala ez. Lortuko dugu zoriontasuna. Salbazioa Jainkoak denontzat desio duen zerbait delako eta zoriontasuna minutuz minutu lortzen dugulako.

Azken finean, lortzen dugunean ate estua zeharkatzea Jesusen eredua jarraituz, salbazioa eta zoriontasuna datorkigu. Horrela bai! Jesusen mezua oso argia da baina zaila aldi berean. Berak lagundu behar digu. Gurutzea zeharkatzean dator berpiztea.

Ez ditzagun indarrak galdu epaitzen eta erabakitzen nork lortuko duen salbazioa eta nork ez. Gure inguruan Jesusek iragarritako maitasun eta umiltasunezko mezu salbatzailea zabal dezagun, bere lekuko izaten, bere indarrak hartzen gaituenean bere presentzia gure bitartez ikusarazten.

Eta eska dezagun gure inguruan daudenengatik, inor baztertu eta epaitu gabe. Denak gaude deituta salbaziora eta Jainkoak gonbidatzen gaitu zoriontsu izatera anai-arrebak bezala. Jesus, ez gaitzazu utzi hitzen eztabaida hutsal eta korapiloetan erortzen, arrazoiaren laberintoetan. Zure mezua oso argia da eta.

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.