HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Maiatzak 20

Aldi hartan, Jesus honela mintzatu zitzaien jendetzari eta ikasleei: «Lege-maisuak eta fariseuak Moisesen maisu-aulkian eseriak daude. Egizue, beraz, eta bete haiek esandako guztia; baina ez egin egiten dutena; esan, esaten baitute, baina egiten ez. Zama astunak eta eraman ezinezkoak lotzen dituzte, eta besteei leporatzen; baina berek atzamar batez ere ez dituzte mugitzen. Egiten duten guztia, jendeak ikusteagatik egiten dute; larrutxa zabalak erabiltzen dituzte bekokian, eta borlatxo deigarriak mantu barrenean. Afarietan lehenengo jarlekuak, eta sinagogetan aurreneko aulkiak maite dituzte, plazetan jendeak agur egitea eta denek “maisu” deitzea. Zuek, ordea, ez utzi inori “maisu” deitzen, bakarra baita zuen maisua, eta zuek guztiok elkarren senide baitzarete. Eta ez deitu lurrean inori “aita”, bakarra baita zuen Aita, zerukoa. Eta ez utzi inori “gidari” deitzen ere, bakarra baita zuen gidaria, Kristo. Zuetako handiena izan bedi zuen zerbitzari. Bere burua goratzen duena beheratu egingo du Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena goratu».

Mateo 23, 1-12.

Jesus gogor aritzen da fariseuen aurka, haien itxurakeria eta ustelkeria ezin duelako jasan. Gure gaurko egunean ere, zoritxarrez, baditugu horrelakorik gure albistegietan.

Hala ere, Jesusek gonbidatzen gaitu ez etsitzera, esaten digu: “Zuek ordea…”. Erraza da besteen gauza txarrak ikustea, eta haiek ikusirik, geure buruari esatea ea zergatik guk zuzen ibili behar dugun gure inguruan besteek egiten ez badute. Besteen alferkeriak ez gaitu gu arrastaka eraman behar. Besteek boterea gaizki kudeatzeak, ez digu aitzakia ematen guk etsitzeko gure hoberena ematen.

Jesusek diszernimendura deitzen gaitu. Ate honetan jo aurretik, lehenik eta behin, esker oneko jarrera prestatu behar dugu. Musutruk jasotako hainbeste gauza onen aurrean, nola kokatzen naiz ni eguneroko bizitzan? Bilatzen al dut non dagoen benetazko maisua eta gidaria Hari jarraitzeko eta erantzuteko?

Eta benetazko maisua nor den ezagutzen dugunean, haren eredua jarraituz, umilak izateko proposamena luzatzen zaigu: “Zuetako handiena izan bedi zuen zerbitzari”.

Jesus, ez gaitzazu zure eskutik askatu eta ez gaitzazu utzi Zugandik urruntzen gaituzten tentaldietan erortzen, baizik eta lagun gaitzazu behin eta berriro ondo kokatzen, Zure ondoan, Bizitzaren Iturriari ondo atxikituta, Zugandik ikasteko eta zure ereduari hurbiltzeko.

Kandela baten ondoan bezala, bere argia eta beroaz inguratuta, suari begira hipnotizaturik, Zu miresten…

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.