HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 19

Aldi hartan, Jesusek saduzearrak hitzik gabe utzi zituela jakitean, elkarrekin bildu ziren fariseuak, eta haien arteko lege-gizon batek azpikeriaz galdetu zion Jesusi: «Maisu, zein da legeko agindurik nagusiena?» Jesusek erantzun:  «“Maita ezazu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz”. Hau da agindurik nagusiena eta lehena. Eta bigarrena horren parekoa da: “Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala”. Bi agindu hauetan oinarritzen dira Liburu Santu guztiak».

Mateo 22, 34-40.

Jesusek berriz ere aurre egin behar dio bere kontra doazenen estualdi bati. Bere erantzunak eta bizitzako ikuspegia hain berritzailea izaki, mutu eta hitzik gabe uzten zituztelako jakintsu eta boteredunak. Nola zitekeen horrelako pertsona xume eta ikasi gabeak hain erantzun harrigarriak ematea?

Baliteke Jesusen iraultza, berak emandako bigarren agindu horretatik etortzea,  ziurrenik garai hartan zailena zelako. Gaur egun, ordea, gure gizartean, ez ohikoak dirudite bere lehen hitzok: “Maita ezazu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz”.

Teozentrismotik antropozentrismora pasa ginen aspaldi. Eta hau ona da, hain zuzen ere, Jainkoa ezagutu eta sentitzeko, ezinbestekoa baita gure barnekotasuna lantzea eta gure barru-barruan bilatzea. Edota natura eta unibertsoa ezagutuz Jainkoaren indarra eta presentzia gu txunditu gaitzan utzi.

Baina horretarako, Jauna, ezinbesteko dugu gutako bakoitzak eguneroko bizitzan zuretzat tarte bat hartzea. Zu miresteko, Zu sentitzeko, Zu gugan eta besteengan ikusi ahal izateko.

Eta modu honetan, besteengana hurbildu lagun hurkoa geure burua bezala maitatu ahal izateko. Erabateko eskuzabaltasunez, duintasunez eta esker onez. Denak Zure seme-alaba garelako, denak anai-arrebak garelako.

Sinisten eta maitatzen al dut Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz? Ezagutzen al dut agindu hau betetzen duenik? Zertan nabaritzen zaio?

Jauna, emaiguzu grazia (oparia) guk ere bi agindu nagusi hauek betez, benetazko zoriontasuna izan dezagun eta zure erreinuaren eraikuntzan zure laguntzaile izan gaitezen.

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.