HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 18

Aldi hartan, Jesusek berriro parabola bidez hitz egin zien apaizburuei eta herriko zaharrei: «Zeruetako erreinuarekin bere semearen ezteiak ospatu zituen erregearekin bezala gertatzen da. Bidali zituen morroiak gonbidatuei dei egitera, baina haiek ez zuten etorri nahi izan. Berriro beste morroi batzuk bidali zituen mandatu honekin: “Esaiezue gonbidatuei: Hara, gertu daukat bazkaria; hilak ditut zezenak eta zekor gizenduak, prest dago dena. Zatozte ezteietara”. Baina gonbidatuek ez zioten jaramonik egin: bata bere lurretara joan zen, bestea bere negozioetara eta gainerakoek, morroiei heldurik, irainez bete eta hil egin zituzten. Haserretu zen erregea eta, bere soldaduak bidaliz, hil egin zituen hiltzaile haiek, eta su eman haien herriari. Gero, bere morroiei esan zien: “Ezteiak prest daude, baina gonbidatuak ez ziren gai. Zoazte, bada, bidegurutzeetara eta deitu ezteietara aurkitu ahala guztiak”. Atera ziren morroiak bideetara eta aurkitutako guztiak Bildu zituzten, on nahiz gaizto. Eztei-gela bazkaltiarrez bete zen. Erregeak, bazkaltiarrak ikustera sartu zenean, eztei-jantzirik gabe zegoen bat ikusi eta esan zion: “Adiskide, nolatan sartu zara hona eztei-jantzirik gabe?” Hark hitzik ez. Erregeak mahai-zerbitzariei esan zien, orduan: “Esku-oinak lotu eta bota ezazue kanpora, ilunpera; han izango da negarra eta hortz-karraska!” Zeren gehiago baitira deituak, aukeratuak baino».

Mateo 22, 1-14.

Jainkoaren erreinua hizpide da berriro parabola honetan. Narrazioa soila iruditu arren, ertz askoko kontakizun sinbolikoa dugu. Besteak beste, Jainkoaren erreinua jai alaia da, ezteiak bezala, kolorez, musikaz, pozez eta mahai joriz hornitua. Ildo horretan, Jesusen aldarrikapena oso materiala da, gure zentzuei lotuta dagoena, gure zentzuak ase egiten dituena; hortaz, bizitzaren oinarrizko desirei jarraitzen die.

Jai honetan parte hartzea ez da merituaren fruitua, doakotasunarena baizik. Ez da gizakiaren ahalegina eztei-gelara eramaten duena, deiari harrera egitea baizik.

Baldintza bat besterik ez: jai batean ezin daiteke egon edozein modutan, edozein jantziz. Eztei-jantzia jarri behar du parte hartzen duenak eta hori ez da ohiko jantzia, egunerokoa, lanekoa. Kanpoko jantzia, barneko jarrerari lotzen zaio: parte hartzeko, harremanetan jartzeko, aldarte ona izateko prestasuna.

Nork lotu zuen Jesusen mezua amaigabeko garizuma hits eta goibelarekin? Haragirik gabeko espiritu hutsarekin? Hemen eskatzen den sakrifizio bakarra da gonbita onartzea eta jai-jantzia jartzea. Oso berri ona, gero!

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.