HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 16
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Benetan diotsuet: aberatsa nekez sartuko da zeruetako erreinuan. Berriro diotsuet: jostorratzaren begitik gamelua igarotzea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino». Hitzok entzutean, ikasleek, zeharo harriturik, honela zioten: «Nor salba daiteke, orduan?» Jesusek begira-begira jarri eta esan zien: «Gizakiarentzat ezinezkoa da hori, baina Jainkoak dena dezake».
Orduan, Pedrok esan zion: «Hara, guk dena utzi dugu, zuri jarraitzeko. Zer izango da guretzat?» Jesusek erantzun zien: «Benetan diotsuet: Jainkoak mundu hau eraberritzean eta Gizonaren Semea bere aintzazko tronuan esertzean, zuek ere, nire jarraitzaileok, hamabi tronutan eseriko zarete, Israelgo hamabi leinuak epaitzeko. Eta nigatik etxea, senideak, aita, ama, seme-alabak edota lurrak uzten dituenak, ehun halako hartuko du eta betiko bizia jasoko ondare. Orain lehenengo diren asko azkeneko izango dira, eta orain azkeneko direnak lehenengo».
Mateo 19, 23-30.
Nor salba daiteke?
Ase eta bete den gizartean, nork behar du salbazioa?
Gizarte sekularizatuan eta garatuan hitz hori zentzurik gabe geratu dela pentsa genezake.
Beharbada, “salbazio” hitza bere testuinguruan ulertzea argigarri izan dakiguke. Etimologiari begiratuta, salbazioa osasunari lotuta dago, osasuntsu izateari. Gaurko testuan agintzen dena salbazioa da, hots, osasuna. Ebanjelioaren testuinguruan, osasuna ez da soilik fisikoa –nahiz eta hori ere barruan egon– pertsona osoarena baizik (osoa izatea); hortaz, harremanak oso garrantzitsuak dira eta bizipozari lotzen zaizkio: badira harreman zoriontsuak eta harreman pozoitsuak.
Ebanjelioan, harreman osasuntsuak partekatzeari eta eskuzabala izateari lotuta daude, hots, lagun hurkoaren beharra kontuan hartzen duten harremanak izateari. Aberastasuna zikoitza izatearen sinboloa da, hots, besteen beharren aurrean bihotz itxi eta berekoiarena.
Jesusi jarraitzeak bizia gizakien beharrekin partekatzea dakar eta hori praktikatzen dutenak agintzariaren hartzaileak dira: betiko bizia jasoko dute ondare. Horretan datza osasuna, horretan datza agindutako salbazioa, benetan mirari dena gure kulturan. Salbazioa behar dugu?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.