HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 15

Aldi hartan, Maria jaiki eta bizi-bizi mendi aldera joan zen, Judeako herri batera, eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin zion. Mariaren agurra entzun zuen orduko, jauzi egin zion Elisabeti haurrak sabelean. Elisabet Espiritu Santuaz bete zen, eta esan zuen oihu handiz: «Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua. Nor naiz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko? Zure agurra nire belarrietara iritsi orduko, jauzi egin dit haurrak pozez sabelean. Zorionekoa zu, Jaunak esan dizuna beteko dela sinetsi duzulako!» Mariak esan zuen: «Handiesten du nire arimak Jauna, pozaren pozez daukat neure barrua, Jainkoa baita nire salbamena, ikusi baitu mirabe honen ezereztasuna. Horregatik, dohatsu deituko naute gaurdanik gizaldi guztiek, handiak egin baitizkit Ahalguztidunak; santua da haren izena, eta haren errukia gizaldiz gizaldi begirune diotenengana. Bere besoaren indarra erabili du, buru-harroak suntsitu ditu; bota ditu beren aulkietatik ahaltsuak, eta gora jaso ditu ezerezak; ondasunez bete ditu gose zeudenak eta esku-hutsik bidali aberatsak. Lagun etorri zaio bere morroi Israeli, bere errukiaz oroiturik; hala zien gure gurasoei hitzemana, Abrahami eta ondorengoei betiko esana» Mariak hiru hilabete inguru egin zuen Elisabetekin; gero, etxera itzuli zen.

Lukas 1, 39-56.

Elisabetek zoriontsu ikusten zuen Maria. Zoriontasun betea zen Mariak bere baitan sentitzen zuena: “pozaren pozez daukat nire barrua”. Bizipoza, bizitzaren betetasuna, gizaki guztiok biziki desiratzen duguna, hain zuzen.

Zoriontasunaren bizipenak ez zuen Maria itxi bere baitan. Etxetik irten, mendi aldera jo eta Elisabeten zerbitzuan geratzeak adierazten dute Mariaren zoriontasuna zeri lotzen zitzaion. Zoriontasuna zerbitzu umil, eskuzabal eta emankor bihurtu zen. Zer ederra den zoriontasunean errotutako zerbitzua! Zer mingarria eta dohakabea den behartutako zerbitzua!

Mariak argi zuen zein zen bere zoriontasunaren iturria: “Jainkoa da nire salbamena”. Liluratuta sentitzen zen, Jainkoaren presentziak harrituta, Jainkoaren eginek maiteminduta. Eta Mariaren hitzek adierazten digute Jainko hori nolakoa den, Jainko horren nahia eta mina zertan diren: giza historiaren bazterrean ezerez eta gose direnetan.

Jainkoak deitu zion Mariari giza historiaren ifrentzutik eta Mariak harrera egin zion bere sabelean.

Horra hor Mariaren zoriontasunaren sekretua; horra hor Mariaren lekukotasuna.

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.