HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 13
Aldi hartan, haurrak eraman zizkioten Jesusi, haien gainean eskuak ezarri eta otoitz egin zezan; ikasleek, ordea, haserre egiten zieten. Jesusek esan zien: «Utzi haurrei nigana etortzen, ez galarazi, horrelakoena baita zeruetako erreinua» Eta, haurrei eskuak gainean ezarri ondoren, joan egin zen handik.
Mateo 19, 13-15.
Testuinguruak testuaren esanahia aldarazten du. Pasarte honen mezua ez da berbera Jesusen garaietan eta gureetan. Gure gizarteko haurrak, gutxi izanik –gero eta gutxiago–, atentzio guztien erdigune bihurtu dira. Haurren egoera guztiz desberdina zen Jesusen garaietan. Eguneroko beharrak nekez asetzera heltzen ziren familietan, lanik egiten ez zuen umea pisu astuna zen; ume asko egoten zen eta horietatik gehienak helduarora ez ziren ailegatzen. Testuinguru horretan, haurra balio ez zuenaren sinboloa zen, biziaren bazterrean zegoen eta inolako atentziorik merezi ez zuenaren sinboloa.
Jesusen ikasleek arrazoia zuten. Hil ala biziko iraultza bat zuten esku artean, mundua aldatzera deituak baitziren; buru-belarri murgilduta zeuden misio paregabe eta zoragarri horretan. Haurrak zentzurik gabeko karga astuna baino ez ziren. Kultura horretan zentzurik ez zuena egin zuen Jesusek: haurrak besarkatzea. Hona hemen Jesusen arrazoia: horrelakoena zen (da) zeruetako erreinua.
Jainkoaren erreinua da, berriro ere, gakoa. Gure urgentzietan eta erronketan, Jesusen ikasleenetan bezala, ikusezin bihurtzen ditugu bazterrean daudenak eta, batzuetan, ikusiezina sentitzen dugu haiekiko; baina bazterreko ikusezin horiengan dago Jainkoaren erreinua.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.