HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 12
Aldi hartan, fariseu batzuk hurbildu zitzaizkion Jesusi eta, zertan harrapatuko, galdetu zioten: «Zilegi al zaio gizonari bere emaztea edozein arrazoirengatik uztea?» Hark erantzun zien: «Ez al duzue irakurri Liburu Santuak dioena? Hasieratik Egileak gizaseme eta emakume egin zituela, alegia, eta esan zuela: “Horregatik, gizasemeak bere aita-amak utziko ditu eta bere emaztearekin elkartuko da, eta biak bat izango dira”. Beraz, aurrerantzean ez dira bi, bat baizik. Horrela, bada, Jainkoak bat egin duena ez beza gizakiak banatu». Haiek galdetu zioten: «Zergatik eman zuen, bada, Moisesek dibortzio-agiria idatzi eta emaztea uzteko baimena?» Jesusek erantzun zien: «Zeuen burugogorkeriagatik eman zizuen Moisesek emaztea uzteko baimena; baina hasieran ez zen horrela. Hau diotsuet: bere emaztea utzi –legearen kontra elkartuak ez badira behintzat– eta beste batekin ezkontzen denak, adulterioa egiten du» Ikasleek esan zioten orduan: «Baldin horrelakoa bada senar-emazteen arteko lotura, ez du merezi ezkontzea» Jesusek erantzun zien: «Ez dira denak hori onartzeko gai, Jainkoak gai egiten dituenak baizik. Batzuk ez dira ezkontzen, jaiotzaz ezin dutelako; beste batzuk giza eskuz ezinduak izan direlako; beste batzuk, berriz, zeruetako erreinuagatik hala erabaki dutelako. Onar dezakeenak onar beza».
Mateo 19, 3-12.
Hasiera batean, ematen du testua legearen inguruko eztabaida bat dela, dibortzioari buruzkoa, hain zuzen ere. Atzamarrak ilargia seinalatzen duenean, ergela atzamarri begira geratzen omen da. Aditu (exegeta) askoren ustez, testu honek badu harribitxi bat, ebanjelioko narrazioetan gutxitan agertzen dena: Nazareteko Jesus pertsonaia historikoak hitzez hitz esandako zerbait. Horren arabera, irakurgaiaren azken partekoak Jesusen hitz historikoak dira, bere buruaz adierazitako bizipen bitxiak. Jesusek aitortzen die bere ikasleei (aitortzen digu) bere bizi guztia zeruetako erreinuarekin lotuta dagoela, eta aukera horrek markatzen duela maitatzeko bere modua. Jesusek transmititzen duena ez da kode bat, baizik eta bizi guztia konprometitzeko modu berezia eta oso kontrakulturala. Maitatzeko modu hau harreman mota bat da, Jesusen bihotza itxuratzen duena, non gizaki guztiek baitituzte izana, izena eta leku berezia; harreman mota horren arabera, zenbat eta txikiago hainbat eta inportanteago. Bizipen hori Jainkoaren dohaina da eta ez gizakiaren ahalegina edo legearen logika. Dohaina ez da inposatzen, baizik eta askatasunez onartzen. Orduan, bizi guztia aldatzen da.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.