HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 10

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Egi-egiaz diotsuet: Gari-alea, lurrean erori eta hiltzen ez bada, bera bakarrik gelditzen da; baina, hiltzen bada, fruitu asko ematen du. Bere bizia maite duenak galdu egingo du; baina mundu honetan bere bizia gutxiesten duenak betiko bizirako gordeko du. Nire zerbitzari izan nahi duenak jarrai biezat eta, Ni nagoen tokian, han izango da nire zerbitzaria ere. Nire zerbitzari dena ohoratu egingo du Aitak».

Joan 12, 24-26.

Jesusena ez da doktrina bat, ditugun giza mailako beste ezagupen, konbikzio edo ideologiekin bat eta parez pare iraun dezakeena. Eskatzen duen loturak eta atxikimenduak ez liekete leku txikienik ere utzi behar ondoan gure mundu mailako atxikimendu materialei.

Jesusekin bat egiteak hori esan nahi du. Eta hori esan nahi digu Jesusek “bizia gutxiesteko” eskatzen digunean betiko bizira igaro ahal izateko. Izan ere, Jesus gabe, Jainkorik gabe, bizi nahi izanez gero, ez gara zinez bizitza bere betera eramaten ari. Bizitza ezin bizitzatik ulertu, nahiz eta askotan hala uler daitekeela eman.

Horrek ez du esan nahi inondik bizitzari bizkarra emanda bizitzera dei egiten digunik Jesusek, inola ere ez. Kontrakoa baizik. Izan ere, biziaren Jainkoa ikusten dugu Jesusengan. Biziaren azken esanahia Berarengan aurkituko dugu-eta.

Hala ere, horrek ez du esan nahi aurrerantzean geure bizitzari, garen horri, uko egin behar diogunik, ezta hurrik eman ere; alderantziz, aurrerantzean orain artean baino are atxikimendu handiagoz eutsiko diogu bizitzari; hori bai, orain esanahiz eta zentzuz guztiz eraldaturik izango dugu bizitza. Gure orain arteko sasi-bizitzatik benetako bizitzara deitzen digu Jesusek.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.