HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 9

Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien ikasleei: «Zeruetako erreinuarekin, beren kriseiluak eskuetan hartu eta senargaiari bidera irten zitzaizkion hamar neskatxekin bezala gertatzen da. Neskatxetako bost zentzugabeak ziren eta bost zentzudunak. Kriseiluak hartzean, zentzugabeek ez zuten oliorik hartu; zentzudunek, ordea, kriseiluekin batera olioa ere hartu zuten ontzietan. Senargaiak luzatzen zuenez, logaletu egin ziren denak eta loak hartu zituen. Gauerdian oihu bat entzun zen: “Badator senargaia; irten zakizkiote bidera!” Jaiki ziren neskatxa guztiak, eta beren kriseiluak prestatu zituzten. Orduan, zentzugabeek esan zieten zentzudunei: “Emaguzue olio-pixka bat, kriseiluak itzaltzen ari zaizkigu eta”. Zentzudunek erantzun zieten: “Ea ez dugun nahikoa geuretzat eta zuentzat; hobe duzue, badaezpada, dendara joan eta erosi”. Baina, erostera joanak zirelarik, senargaia iritsi zen, eta prest zirenak ezteietara sartu ziren harekin. Eta atea itxi zuten. Iritsi ziren, azkenik, beste neskatxak ere eta dei egin zuten: “Jauna, Jauna, ireki!” Baina hark erantzun zien: “Benetan diotsuet, ez dakit nor zareten”. Egon, beraz, erne, ez baitakizue, ez eguna, ez ordua».

Mateo 25, 1-13.

Orain bi eguneko pasartearen mezuari darraio gaurko hau. Ordukoan argi geratu zitzaigun une oro erne eta prest egon behar dugula Etorrera Handi horretarako. Itxura batean, une hori noiz etorriko den jakin ez dakigularik, baina, bestetik, jada, orain eta hemen, ate-joka ari zaigulako konbikzio ez txiki batez.

Hemen ere, senargaiaren zain-zain dauden neskatxa hauen bidez, ideia berari heltzen dio pasarteak. Neskatxa “zentzudun” eta “zentzugabeen” jarreren artean bereizketa argia egiten zaigu. “Zentzudun” izateak konpromisozko jarrera bat dakar berekin ezinbestez. Ezin “baietz esate hutsean bizi”, hau da, emaztegai izan ustez, batetik, eta bestetik, horren ondorio izan beharko litzatekeen jarrera eta egintzekin zinezko konpromisoa hartu ez.

Etorkizun den une horretan, senargaia datorrenean, ailegatzen den une horretan hain justu ere, jarriko da agerian nork eusten dion bene-benetan “baiezkoari” eta nork ez. Harago egin beharko genuke pasarte honen ulerkeran, eta harago joanda, ikusi “senargaia ailegatzen ari zaien neskatxen” modukoak garela une honetatik beretik, jada ari dela etorkizun den Horren etorrera etengabekoa gertatzen. Ate-joka ari zaigu jada; horren berri dugun unetik beretik, ezin muzin egin une oroko dei horri.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.