HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 8

Aldi hartan, Galilean zehar zebiltzala, esan zien Jesusek ikasleei: «Gizonaren Semea gizakien esku utziko dute; hil egingo dute, baina hirugarren egunean piztuko da». Ikasleak oso nahigabeturik gelditu ziren. Kafarnaumera iritsi zirenean, tenplurako zerga biltzen zutenek Pedrorengana joan eta esan zioten: «Zuen maisuak ez al du tenplurako zerga ordaintzen?». «Bai», erantzun zien. Pedro etxeratu zenean, Jesusekaurrean jarri eta esan zion: «Zer deritzozu, Simon? Munduko erregeek zeinengandik hartzen dituzte zergak edo kontribuzioak, etxekoengandik ala arrotzengandik?». Pedrok erantzun zion: «Arrotzengandik». Jesusek,orduan: «Etxekoak libre daude, beraz. Halaz guztiz ere, inori zeresanik ez emateko, zoaz itsasora, bota amua eta hartu lehenengo aterako duzun arraina; ireki iezaiozu ahoa, eta biren zerga ordaintzeko dirua aurkituko duzu. Hartu eta ordaindu zuri eta bioi dagokiguna».

Mateo 17, 22-27.

Zergen inguruko eztabaidek pisu handia hartua zuten Jesusen garaiko gizartean. Izan ere, “arrotzen”, erromatarren, agindupean bizi zen Israel Herria. Arrotzei ordaindu behar izateaz gain, oso zerga astun eta bidegabeak ziren eta herriak zuzengabetzat eta ezin bidegabeagotzat jotzen zituen.

Zergen gaia oso polemikoa zen. Izan ere, ezarritako zerga sistema hori bake giroan joatea eta haren funtzionamendua arazorik gabe bermatzea zen erromatar inperioaren kezka politiko nagusia.

Hein horretan, asko aztertu eta eztabaidatu da noraino zen Jesus sistema horretarako mehatxu bat. Eta pasarte honen bidez gertura gaitezke horren erantzunera. Arrotzak dira zergen zordunak eta etxekoak, aldiz, salbuetsiak geratzen dira. Interesgarria “etxeko” delako horren esanahi ezin sakonagoa; “etxeko” izate hori, Jesusen ahotan, ez dago zuzenean lotua israeldar izatearekin. Hori eman lezake, baina ez. Gainera, hala balitz, batetik, erromatarrei ordaindu beharko zieten israeldarrek, baina, bestetik, zer eta nori ordaintzetik egongo ziren salbuetsiak, baldin eta Israel Herriaren botere politiko eta ekonomiko guztia erromatarrek deuseztatuta bazegoen?

Beste bide batetik doaz, baina, Jesusen hitzak: arrotzaren eta etxekoaren arteko dialektika horrek mundu honetako logikaren eta Erreinuaren logikaren arteko dialektika baino ez du adierazten. Horren harira, Jesus ziurrenik momentu horretan erabat ulertua ez zen zerbait ari zen aurreratzen: Berarekin bat eginez gero, bazegoela mundu hau esanahiz eraldatuko zuen azken zerumuga, Erreinua garatuz joan ahala gauzatuko zena. Jesusengan, beraren jarreran, etengabe ikusiko dugu “bai eta ez” hori. Batetik, mundu honetan buru-belarri inplikaturik ikusiko dugu Jesus, ez bakarrik behartsuekin bat eginda, baizik eta behartsuenetan behartsuena bihurturik; baina, bestetik, Aitarengan duen uste osoak, Aitarengandik jasotzen duen indarrak, mundu hau bere betera eraman ahal izateko Erreinua gauzatzera bultzatuko du etengabe, askotan era ulergaitz batean, mundu honen logikatik ikusita.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.