HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 6

Aldi hartan, hartu zituen Jesusek berekin Pedro, Santiago eta Joan, eta mendira igo zen otoitz egitera. Otoitzean ari zela, aurpegiko itxura aldatu zitzaion, eta jantzia zuri distiratsu bihurtu. Hartan, bi gizon agertu ziren, Moises eta Elias, aintzaz distiratsu Jesusekin hizketan; Jerusalemen gertatzekoa zen Jesusen heriotzazmintzo ziren. Pedro eta lagunak logurak jota zeuden; baina esnatu ziren eta Jesusen aintza eta harekin zeuden bi gizonak ikusi zituzten. Hauek urruntzen ari zirela, Pedrok esan zion Jesusi: «Maisu, bai ederki gaudela hemen! Egin ditzagun hiru txabola: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat». Ez zekien zer esaten zuen ere.

Hau esaten ari zela, hodei batek estali zituen, eta hodeian sartzean beldurtu egin ziren. Ahots bat atera zen hodeitik, esanez: «Hauxe da nire Semea, nire Aukeratua. Entzuiozue». Ahotsa isiltzean, Jesus bakarrik ageri zen. Ikasleek isilik gorde zuten, eta egun haietan ez zioten inori esan ikusitakorik ezer.

Lukas 9, 28b-36.

Jesusi jarraitzeak, haren egitasmoaren gauzatze prozesuarekin bat egiteak, anbibalentzia bat jartzen digu agerian.

Batetik, egia da giza egitasmoa dela harena. Haren mezuaren sakonari begiratuta, berehalakoan antzemango dugu Berak hots egiten digun Erreinuak, iragarpen-kutsua izateari utzi gabe, Berarekin bat egiten dugun unetik beretik, baduela jada gertatzen ari den errealitate baten berri. Jesusekin bat egitetik ez da ondorioztatzen doktrinazko abstrakzio bat. Gure bizitzek esanahiz guztiz aldatuak izan beharko lukete eta, horren ondorioz, giza maila hutsean ezin ulertuzkoa litzatekeen Espiritua, Haren indarra, Haren gidaritza eta Harengandiko itxaropena helarazten arituko litzaiguke etengabe. Seguru eta ziur sentitzera ailegatuko ginateke, lasaitu ederra hartuta; eta egoera horri eutsi nahi izango genioke, horrela jarraitu nahi izango genuke. Nolabait, bizitzaren zalaparta eta gorabehera aztoratzaileei uko egin, eta Jesusen abaroan lasai-lasai atsegin handiz geratuko ginateke (“Maisu, bai ederki gaudela hemen! Egin ditzagun hiru txabola…”).

Baina bestetik, Jesusenak, beraren Erreinuak, giza mailan txertaturik agertzen bada ere, horri apur bakar bat ere kendu gabe, badu “oraindik gauzatu gabe eta gauzatzear den ezin esanezko horretatik” ere. Erreinua gure artean dago, ikasleen artean pasarte honetan zegoen moduan, baina baldin badago, eta baldin bazegoen, hain justu ere, askoz beteago egongo delako da, etorkizun hurbil-hurbil batean. Jakin behar dugu bigarren dimentsio horretaz jabetzen, oso noizbehinka errealitatea urratzen agertzen den eta gerora isilduko zaigun Ahots horretaz jabetzen.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.