HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 5

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, har beza bere gurutzea eta jarrai biezat. Izan ere, bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia nigatik galtzen duenak, ordea, eskuratu egingo du. Zertako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen badu? Eta zer eman dezake gizakiak bizia berriro eskuratzeko? Izan ere, Gizonaren Semea bere Aitaren aintzaz beterik etorriko da aingeruekin eta orduan bakoitzari bere jokabidearen arabera ordainduko dio. Egia diotsuet: hemen direnetako batzuk ez dira hilko, Gizonaren Semea errege bezala etortzen ikusi arte».

Mateo 16, 24-28.

Jesusi jarraitzea, Beraren mezuarekin bat egitea, ez da bizitzan har ditzakegun konpromiso arruntetariko bat, besteekin batera parez pare eraman dezakeguna.

Nolabait esanda, ez du beste ezertako lekurik uzten. Erabateko bat-egitea eskatzen du. Nork bere burua ukatu beharrak horrekin du zerikusia.

Esan nahi al du horrek garen horri uko egin behar diogula, gure bizitzari berari, garen modukoak izateari, inguratzen gaituen guztiari, gure harremanei, maite dugun jendeari, gure irrikei eta mundu honetako plazer eta pozei uko egin behar diegula, horri guztiorri uko egin behar diogula, Berari jarraitu ahal izateko? Bai eta ez.

Bai, Jesus eta beraren mezua azkenaz mintzo zaigulako, azken kezkaz, azken sostengu eta itxaropenaz, bizitzaren baldintzagabeko Aitaren besarkadarekin bat egiteaz. Hortaz, Jesus ezagutu eta gero, goitik behera eta alderik alde zeharkatu behar gaitu Beraren Espiritu bizi emaileak, gure bizitzaren zer-nolakoa guztiz eraldatzeraino.

Hala ere, horrek ez du esan nahi aurrerantzean geure bizitzari, garen horri, uko egin behar diogunik, ezta hurrik eman ere; alderantziz, aurrerantzean orain artean baino are atxikimendu handiagoz eutsiko diogu bizitzari; hori bai, orain esanahiz eta zentzuz guztiz eraldaturik izango dugu bizitza. Gure orain arteko sasi-bizitzatik benetako bizitzara deitzen digu Jesusek.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.