HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 29

Aldi hartan, judu asko etorri zen Marta eta Mariagana, anaiarengatik doluminak ematera. Marta, Jesus zetorrela entzun orduko, bidera atera zitzaion; Maria, berriz, etxean gelditu zen. Martak esan zion Jesusi:«Jauna, hemen izan bazina, gure anaia ez zen hilko. Hala ere, badakit eskatuko diozun guztia emango dizula Jainkoak» Jesusek erantzun zion: «Piztuko da zure anaia» Eta Martak: «Badakit piztuko dela azken egunean, hildakoen piztuerakoan». Jesusek esan zion orduan: «Ni naiz piztuera eta bizia; nigan sinesten duena, hilik ere, biziko da, eta bizi dena, nigan sinesten badu, ez da betiko hilko. Sinesten al duzu hori?» Martak erantzun zion: «Bai, Jauna, sinesten dut Zu Mesias zarela, Jainkoaren Semea, mundura etortzekoa zena».

Joan 11, 19-27.

Eszena zoragarria aurrez aurre duguna. Martak anaia hil berria du, eta doluaren barnenetik ateratzen zaio lehenengo esaldia: “Jauna, hemen izan bazina, gure anaia ez zen hilko”. Zer nolako sinesmena, zer nolako konfiantza Jesusengan agertzen duten hitz hauek. Miresgarria, egiaz. Lanaren menpeko eta Jesusengandik ez hain gertuko baten iruditzat bagenuen Marta bere ahizpa Mariarekin gonbaratuz, gaurko honek hankaz gora botatzen digu irudi hori.

Baina handiena eta ederrena orain dator. Martak ez ditu begiak ixten errealitate gordinak irentsita. Badaki anaia hilik dagoela. Badaki hori dela errealitatea. Baina ez errealitate osoa. Horregatik itxaropenak errealitatea gainditzeko kapaza den sendotasuna agertzen du: “Badakit eskatuko diozun guztia emango dizula Jainkoak”. Bejondeizula Marta. Ez anaia hilik gertatzeak, ez Jesus unean han ez izateak, ez minak ez ezerk ez dizu zure sinesmen sendoa urratu.

Baina Jesusek zure sinesmen handi hori ere gaindituko dizu. Berak eskainiko dizun bizia ez zenuelako espero, ez zenekielako Jesusek ematen digun biziak heriotzaren indarra ere gainditzen duela, ez zenekielako bera dela egiaz Bizia.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.