HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 28
Aldi hartan, esan zion Jesusek jendeari: «Zeruetako erreinuarekin itsasora bota eta mota guztietako arrainak biltzen dituen sarearekin bezala gertatzen da. Beterik dagoenean, bazterrera ateratzen dute eta, eseririk, onak saskira biltzen dituzte eta txarrak kanpora botatzen. Horrela gertatuko da munduaren azkenean: aingeruak etorri eta gaiztoak zintzoen artetik bereiziko dituzte eta su-labera botako. Han izango da negarra eta hortz-karraska!». Jesusek galdetu zien ikasleei: «Ulertu al duzue hau guztia?» «Bai», erantzun zioten. Eta Jesusek: «Beraz, zeruetako erreinuko ikasle egin den lege-maisua, bere altxorretik zaharrak eta berriak ateratzen dituen etxeko jaunaren antzekoa da». Jesusek, parabola hauek amaitu zituenean, alde egin zuen handik.
Mateo 13, 47-53.
Munduak baditu bere sailkapenak, eta horien artean nor den ona, nor txarra erabakitzen du; noski, bakoitzak badu baita bere sailkapena ere, eta nekez adostuko genuke zerbait (minimoak bai, agian).
Kontua ez da zuretzat, edo niretzat non kokatzen diren batzuk eta besteak; niri behintzat ebanjelioko pasarte honek galdera bat egitera narama: “nor da ona, Jauna, zure aurrean ez gara ezer eta?”.
Nork salbatuko nau, Nazareteko Jesusen bitartez ez bada, Jaunaren errukiaren bitartez ez bada? Baina ondo ulertu dezagun; ez dut esan nahi lasai edo ezer egin gabe bizi gaitezkeenik, besoak gurutzatzen ditugun bitartean. Ez naiz ezer, baina Jainkoak maite nau, maite gaitu, eta horrela adierazi zuen Nazareteko Jesusek.
Onak? Txarrak? Jaso dezagun guk maitasunez bizitzeko gonbidapena eta Jainkoak lagun gaitzala zaharrak berri egiten, maitasunaren bidetik.
Eta zu, Maitasunez bizitzeko prest?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.