HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 27

Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Zeruetako erreinuarekin soroan ezkutatua dagoen altxorrarekin bezala gertatzen da. Norbaitek, aurkitzen duelarik, berriro ezkutatu egiten du eta, pozaren pozez joan, dituen guztiak saldu eta soro hura erosten du. Era berean, zeruetako erreinuarekin, harribitxi bila dabilen merkatariarekin bezala gertatzen da. Balio handiko bat aurkitzen duenean, joan, bere gauza guztiak saldu eta erosi egiten du».

Mateo 13, 44-46.

“Altxorra non, han zure bihotza”… Non dagoen nire altxorra galdetzen hasia naiz; agian ez naiz jabetu, baina nire pausoak bertara naramate, ni konturatu ez arren.

Jainkoak bakoitzari galdetzen digu, non da zure altxorra? Ez da galdera teorikoa, gure pausoak begiratzera gonbidatzen gaituen galdera baizik. Beharbada nire altxorra Jainkoa da, baina, nire pausoak berarengana eramaten naute? Agian beste altxorren bat duzu, begiratu ondo pausoak nora eramaten zaituzten ikusteko.

Jesusen altxorra Jainkoaren erreinua da, bere hitzetan eta ekintzetan ikusi daitekeen bezala. Altxor berezia da, ezaugarri berezi batekin: altxor hori ez da gorderik edukitzeko edo ezkutatzeko, ez da nirea bakarrik den ezer. Altxor horrek bidean jartzea eskatzen digu, eginiko aurkikuntza, Berri Ona den aurkikuntza, aldarrikatzen dugun bitartean.

Garrantzizkoa den galderarekin utziko zaitut oraingo honetan: non dago zure altxorra? Ez da galdera bakarra, beti beste bati lotua dagoen galdera da: erreinuaren altxorra aurkitu baduzu, zer egiteko prest zaude?

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.