HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 26
Aldi hartan, jendea agurturik, etxera joan zen Jesus. Orduan, ikasleak hurbildu zitzaizkion, esanez: «Argi iezaguzu soroko irakaren parabola». Jesusek erantzun zien: «Hazi ona ereiten duena Gizonaren Semea da; soroa mundua; hazi ona erreinuko seme-alabak dira; iraka, berriz, gaiztoarenak; iraka erein duen etsaia deabrua da; uzta munduaren azkena, eta uzta-biltzaileak aingeruak. Iraka bildu eta suan erretzen den bezala, hala gertatuko da munduaren azkenean ere. Gizonaren Semeak bere aingeruak bidaliko ditu, eta haren erreinutik bereizi egingo dituzte gaizkileak eta besterentzat gaizpide izan direnak, eta su-labera botako dituzte. Han izango da negarra eta hortz-karraska! Orduan, zintzoek eguzkiak bezala egingo dute distira beren Aitaren erreinuan. Belarririk duenak adi beza».
Mateo 13, 36-43.
Zein zailak egiten zaizkidan ebanjelioko hitz batzuk: “su-labera botako dituzte”. Gugan badago zerbait zugandik urruntzera eramaten gaituena: “Ikusi zuen Jaunak handituz zihoala munduan gizakiaren gaiztakeria eta honen burubide guztiak txarrera jotzen zutela beti” (Has 6, 5).
Eta Zu ez zauden lekuan heriotza nagusitzen dela eta, nik Bizia aukeratzen dut, zuk ematen duzun Bizia. Zure errukia dut gogoan, badakit eta ez naizela ezer zure aurrean; Zuk altxatu nauzu, zure irudi eginez duintasunez bete nauzu.
Orain, “belarririk duenak adi beza”; ez duzu inoren galerarik nahi, baina ez duzu inor behartzen. Deitzen gaituzu, bidea erakutsi ere bai, Zu zara bidea; gugan okerrera eramaten gaituen zerbait badago ere, Zuk askatzen gaituzu horretatik. Askatuz, on-egileak ere bihurtzen gaituzu, eta gure bizitzak aberastu.
Zurekin egotea lagun-hurkoarekin egotea da; lagundu iezadazu, Jauna, zure hitzak ulertzen, gogorrak badira ere, eta zugan Bizia aurkitzen, nik ere lagun hurkoari bizia eman diezaiodan.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.