HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 25

Aldi hartan, zebedeotarren ama hurbildu zitzaion Jesusi bere semeekin eta aurrean ahuspeztu, eskari bat egiteko. Jesusek galdetu zion: «Zer nahi duzu?». Eta hark: «Agindu ezazu nire bi seme hauek, eser daitezela zure erreinuan bata zure eskuinean eta bestea zure ezkerrean». Eta Jesusek: «Ez dakizue zer eskatzen duzuen. Gauza al zarete Nik edan behar dudan kalizatik edateko?». Erantzun zioten: «Bai, gauza gara!».Jesusek orduan: «Nire kalizatik edan, bai, edango duzue; baina nire ezker-eskuin esertze hori, ez dago nire esku inori ematea; nire Aitak norentzat prestatua duen, hari emango zaio». Beste hamarrak, hori entzutean, biziki haserretu ziren bi anaiekin. Baina Jesusek dei egin eta esan zien: «Badakizue herrietako agintariek menpean hartzen dituztela herriak, eta handikiek beren agintea ezartzen dietela. Ez bedi izan horrela zuen artean; baizik eta zuen artean handi izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari, eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi zuen morroi. Gizonaren Semea ere ez baita etorri zerbitzatua izatera, zerbitzari izatera baizik, eta bere bizia askoren ordainsari ematera».

Mateo 20, 20-28.

Ama bat bere semeen alde egiten; nola ez du egingo ama batek bere semeen alde? Beraientzat onena nahi du, eta eskari bat egiten dio Jesusi (agian semeak ez dira ausartzen).

Baina ez amak, ez semeek, ez dute ulertu Jesusen mezua. Amak lehenengo postuak nahi ditu bere semeentzat, farisearrek eta lege-maisuek bezala. Berriro esango dio Jesusek: ez da hori bidea.

“Beste hamarrak biziki haserretu” zirela dio, eta horiek ere ez zuten ezer ulertu. Zein zaila egiten zaigu Jesusen mezua. Argia dirudi, besteen zerbitzari izateko gonbita jasotzen dugu, baina ezin ulertu. Elizan ere badaude lehenengo postuak nahi dituztenak, besteak baino gehiago direla pentsatzen dutenak, eta ez hori bakarrik, agian, Jesus oker zegoela, edo mezu horrekin nahastu egin zela pentsatuko dute. Horretan gaudela Jesusen mezua “galdu” egiten da. Lehenengo postuak zertarako balio du, Jainkoarengandik urruntzen bagara?

Jaso ezazu gaurko gonbidapena, zerbitzari izateko gonbidapena. Apaltasunez jokatuz, Jainkoari lekua egiten diozun bitartean zure bizitzan.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.