HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 23

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ni naiz egiazko mahatsondoa, eta nire Aita da nekazaria. Nigan fruiturik ematen ez duen aihena moztu egiten du Aitak, eta fruitu ematen duena garbitu eta kimatu, fruitu gehiago eman dezan. Zuek garbi zaudete dagoeneko, Nik adierazi dizuedan hitzari esker. Zaudete nigan, Ni zuengan bezala. Aihenak berez, mahatsondoan ez badago, fruiturik eman ezin duen bezala, zuek ere ez, nigan ez bazaudete. Ni naiz mahatsondoa eta zuek aihenak. Norbait nigan badago, Ni harengan bezala, hark fruitu asko emango du; Ni gabe ezin baituzue ezer egin. Nigan ez dagoena kanpora botatzen dute, ebaki eta ihartzen den aihena bezala; gero, bildu, sura bota eta erre egiten dute. Nigan bazaudete eta nire hitzak zuengan badaude, eskatu nahi duzuena eta izango duzue. Honetan azaltzen da nire Aitaren aintza: zuek, nire ikasle izanik, fruitu asko ematean».

Joan 15, 1-8.

Eta ni, non nago? Norekin nago? Gizon-emakumeok ez gaude bakarrik egoteko eginak. Gure bizitzan harremanek garrantzia dute, eta, modu batera edo bestera, gure bizitza osatu egiten dute.

Familia, lagunak, lankideak, bikotea… hainbat pertsona gure inguruan, gure bizitzan esanahi sakona dutenak. Eta horien artean, zenbat aldiz entzun dugu lagun bat komeni zaigula, edo ez (hori gure etxekoek edo lagun on batek esaten duen zerbait izaten da normalean).

Jesusek, berriz, Aitarekin dagoela esaten digu, eta, aldi berean, gonbidatu egiten gaitu: “Zaudete nigan, ni zuengan bezala”. Bera gurekin dugu, berarekin nahi gaitu, guk fruitu ematea nahi du; horretarako, berarekin egon behar dugu.

Bidea ere adierazten digu: “Zuek garbi zaudete dagoeneko, Nik adierazi dizuedan hitzari esker”. Maite ditugun pertsonekin egotea gustuko dugu; Jesusekin egon nahi badugu, berarekin bagaude, edota egon nahi badugu, Hitza entzutea beharrezkoa egiten zaigu. Baina, non dago gure bihotza? Norekin gaude? Jainkoarekin? Nazareteko Jesusekin? Entzuten dugu bere Hitza?

Entzuna da: bihotza non, han gure bizitza. Jainkoak lagundu gaitzala, bere Hitza lagun, berarekin egoteko bideak eraikitzen.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.