HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 22

Asteko lehen-egunean, Maria Magdalena hilobira joan zen goizean goiz, artean ilun zegoela, eta harria hilobitik kendua ikusi zuen. Orduan, Simon Pedrogana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta esan zien: «Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non jarri duten».

Maria hilobi ondoan zegoen, kanpoan, negarrez. Eta, negarrez zegoela, hilobirantz makurtu zen eta bi aingeru ikusi zituen, zuriz jantziak, Jesusen gorpua egon zen lekuan eserita, bata burualdean eta bestea oinetan.Aingeruek esan zioten: «Zer duzu negarrez, emakume?». Hark erantzun zien: «Nire Jauna eraman dute, eta ez dakit non ipini duten». Hau esan eta berehala, atzera itzuli eta Jesus ikusi zuen zutik, baina ez zen konturatu Jesus zela. Jesusek esan zion: «Zer duzu negarrez, emakume? Noren bila zabiltza?».  Hark, baratze zaina zelakoan, esan zion: «Jauna, zuk eraman baduzu, esadazu non ipini duzun, eta nik jasoko dut». Jesusek esan zion: «Maria!» Honek, hurbilduz, esan zion hebreeraz: «Rabbuni!» (hau da, «Maisu!»). Jesusek esan zion: «Utz nazazu, oraindik ez bainaiz Aitagana igo. Zoaz nire senideengana eta esaiezu: “Neure Aitagana eta zuen Aitagana noa, neure Jainkoagana eta zuen Jainkoagana”». Joan zen Maria Magdalena, eta berri hau eman zien ikasleei: «Jauna ikusi dut». Eta hark esana kontatu zien.

Joan 20, 1-2. 11-18.

Nazareteko Jesusen heriotza ez da berri ona. Maisua hil dute, eta oraindik gertatutakoa barneratu gabe duela, hor doa Maria hilobira. Heriotzarekin topo egitea gogorra bada ere, gorpua aurkitu nahi du; ez dago itxaropenik, ez beste inolako biderik edo aukerarik. Bere begiek ikusi dute jasandakoa, bere bihotzak sufritu du, eta sufritzen ari da; negarrez doa, kontsolatu nahi, baino ezin.

Itxaropen ezak gure begirada okertu egiten du; gorpua falta da, eta hildakoaren bila aritzen gara. Zein zaila den horrela gaudenean Bizia den Jainkoa ikustea; Mariak bezala, ikusi bai, baina ez dugu ezagutu.

Jainkoak deitzen dion arte: “Maria”. Jainkoak geure izenez deitzen gaitu, begiak irekiaraziz. Izenarekin, misioa: “zoaz nire senideengana”, eta hara doa.

Beste ikasleek egin zuten antzera egin dezakegu; horiek ez dira mugitzen, nahiz eta Mariak Jesusen gorpua falta dela esan. Hemen ere ez dago itxaropenik, heriotza besterik ez.

Gure Jainkoa bizien Jainkoa da; bilatu dezagun guk ere Jainkoa bizien artean. Ez ahaztu, gure begiradarentzat heriotza dena, Jainkoarentzat bizia ere badela.

Adi egon! Izena entzun eta misioa jasotzeko.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.