HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 21

Aldi hartan, Jesusengana hurbildu eta galdetu zioten ikasleek: «Zergatik hitz egiten diezu parabola bidez?». Jesusek erantzun zien: «Zuei eman zaizue zeruetako erreinuaren misterioak ezagutzea; horiei, ordea, ez. Izan ere, duenari eman egingo zaio eta gainezka izango du; ez duenari, ordea, duen apurra ere kendu egingo zaio. Hona zergatik hitz egiten diedan parabola bidez: begiratu bai, baina ikusten ez dutelako; entzun bai, baina aditzen ez dutelako, ezta ulertzen ere. Horrela, Isaias profetak esana betetzen da horiengan: “Entzungo duzue, bai, baina ulertu ez; ikusiko duzue, baina ohartu ez. Izan ere, herri honek gogortu egin ditu buru-bihotzak, gortu belarriak, itsutu begiak. Ez bezate begiez ikusi, ez belarriez entzun, ezta buruaz ulertu ere, horrela nigana bihur ez daitezen eta salba ez ditzadan”. Zorionekoak, ordea, zuen begiak, ikusten dutelako, eta zuen belarriak, entzuten dutelako. Benetan diotsuet: profeta eta zintzo askok ikusi nahi izan zuen zuek ikusten duzuena, baina ez zuten ikusi, eta entzun zuek entzuten duzuena, baina ez zuten entzun».

Mateo 13, 10-17.

“Zuei eman zaizue zeruetako erreinuaren misterioak ezagutzea”; dirudi Jainkoak aukera bat egiten duela: honi bai, besteari berriz ez. Baina ez, Jainkoak ez du horrelakorik egiten; Isaias profetak dioen bezala “herri honek gogortu egin ditu buru-bihotzak”. Ondorioz, gutako bakoitza erdigunean jarri eta galdetzen zaigu: Entzuten dugu? Ulertzen dugu? Ikusten dugu?

Eta hor kokatzen da gure muga handiena. Zer dugu gure buru-bihotzetan Jaunaren Hitza entzuten eta ikusten uzten ez dutenak? Ezin ukatu munduak aukera asko eskaintzen dituela, gure gustuko aukerak gainera. Gustukoak bakarrik ez, asetzen gaituztenak dira eta gehiago behar dugunik ez dirudi (gure ustez behintzat).

Ireki ditzagun gure bihotzak, Loiolako Inaziok bere Gogo-jardun liburuan jartzen duen aholkua jarraituz: “On handia egiten dio… bere Egile eta Jaunaganako bihotz handi eta eskuzabal sartzeak, bere nahi eta askatasun osoa eskaintzen diola”, baldin eta begiratu baino ikusi, entzun baino aditu eta buruz ulertu nahi badugu.

Eta zu, ausartzen zara parabolak ulertzeko bidean jartzen?

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.