Askatasuna eta beldurra

2022 Uzt 21

Ez dago zalantzarik, oso garai interesgarrietan bizi gara eta inork ez daki gizadiaren etorkizuna zer nolakoa izango den.

Askatasunaren garaia da, gure kulturaren ikurrik estimatuenetako bat. Tradizioen kateak, tabuak, mugak apurtzeko garaia omen da. Oso bitxia da bitxia ez izatea.

Bestetik, kontserbadurismoaren fenomenoa hedatzen ari da nonahi, arlo politikoan zein erlijiosoan. Askatasunaren iraultza eta kontserbadurismoaren arrakasta kontrajartzen dira azalean; baina, beharbada, sakonean begiratuta, baliteke elkarri oso lotuta egotea.

Beldurra izan daiteke gure garai interesgarri hauek interpretatzeko gakoetako bat. Beldurra bizipen unibertsala da: gaixotasunak, heriotzak, hurbileko maitatua galtzeak, hondamendi ekonomikoak, gatazka sozialek, gudaren mehatxuak, besteak beste, beldur ematen digute. Oro har, ziurgabetasunak beldurraren atea zabaltzen du. Baina askatasuna ziurgabetasunaren printzipioa da, ezin baitaiteke asmatu bikotekideak, auzokideak edo gizarteak zer nolako aukerak egingo dituzten.

Beldurra uxatzea eta ziurtasuna bilatzea pertsonaren eta gizartearen DNA-n dago. Fanatismoak, fundamentalismoak eta antzekoak, erantzun errazak garai interesgarri hauetan.

Askatasuna ulertzeko modua, ziurgabetasuna eta beldurra kudeatzea gure gizadiaren erronka ikaragarria da, baita gure elizarena ere sinodalitatearen garaietan.