HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 19
Aldi hartan, Jesus jendeari hitz egiten ari zela, haren ama eta anai-arrebak azaldu ziren kanpoan, berarekin hitz egin nahian. Batek esan zion: «Aizu, hor dituzu kanpoan ama eta anai- arrebak, zurekin hitz egin nahian» Jesusek, berriz, erantzun zion: «Nor da nire ama eta nor nire anaia edo arreba?» Eta, bere ikasleengana eskua luzatuz, esan zuen: «Hauek ditut Nik ama eta anai-arreba. Izan ere, zeruko nire Aitaren nahia egiten duena, horixe dut Nik anaia eta arreba eta ama».
Mateo 12, 46-50.
Gure loturak, gizon-emakumeen lotura handienak odolekoak dira: aita-amarekin lotuta sentitzen gara, eman diguten bizitzagatik; baita neba-arrebekin ere, odol berekoak garela eta… Ez dago lotura eta maitasun iturri handiagorik, ezta, zoritxarrez, gorroto handiagorik ere.
Baina gure loturak ez dira biologikoak bakarrik, bizia eman digun Jainkoarekin dugun lotura beste era batekoa da; Kreatzailea dugu, gu berriz kreatura, eta guk Aita deitzen diogu, bere seme-alabak garenez.
Baina hau ez da lehiaketa, denak garelako Jainko Aitaren seme-alabak; bai, aldiz, munduan kokatzeko modu berri bat. Gure bizitzak espirituaren eremuan kokatzen dira; hau da, ez dira odolean amaitzen. Espirituak sentiarazten gaitu nolakoa den gure kontsolazioa eta gure desolazioa; nolakoa den familiarekin eta lagunekin dugun harremana; nola kokatzen garen munduan…
Eta horretan, azken hitza Espirituari dagokio… baldin eta Jainkoaren jarraitzaile bagara, baldin eta bere bideak jarraitzeko saiakera sakona egiten dugun…
Gaurkoan gogoeta, otoitza, meditazioa egitera gonbidatzen zaituztet, eta saiatu zintzotasunez erantzuten:
- Zure bizitzan, zein leku okupatzen du aitak? Amak?
- Eta Jainkoa, non da ageri?
Eta Espirituak lagun gaitzala gurasoekin eta Jainkoarekin elkartzen.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.