HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 18
Aldi hartan, lege-maisu eta fariseu batzuk honela hasi zitzaizkion Jesusi: «Maisu, zuk egindako mirarizko seinaleren bat ikusi nahi genuke» Jesusek erantzun zien: «Seinale eske ari da gizaldi gaizto eta desleial hau, baina ez zaio seinalerik emango, Jonas profetarena besterik. Zeren, Jonasek arrainaren sabelean hiru egun eta hiru gau egin zituen bezala, hala egingo ditu Gizonaren Semeak ere hiru egun eta hiru gau lurraren barruan. Ninivetarrek auzi-egunean gizaldi honen kontra altxatu eta kondenatu egingo dute, beraiek bihotz-berritu egin baitziren Jonasen predikuz, eta baduzue hemen Jonas baino handiago den bat. Hegoaldeko erreginak ere auzi-egunean gizaldi honen kontra altxatu eta kondenatu egingo du, munduaren bazterretik etorri baitzen Salomonen jakinduriazko hitzak entzutera, eta baduzue hemen Salomon baino handiago den bat».
Mateo 12, 38-42.
Gu eta gure zentzumenak… Ikusi, entzun, usaindu, dastatu, ukitu egin behar, eta zentzumenetik pasatzen ez dena, ez dela existitzen dirudi. Eta horretan, seinaleak behar ditugula diogu; hau da, sinistu, sinistu, “ikusten” dugun bitartean bakarrik.
Jesusek seinaleak bidaltzen dizkigu bai, baina beste bide batzuk jarraitzen duten seinaleak dira: konfiantzaren oinatzak jarraitzen duten fedearen bideak dira. Esperientzia berri batera deituak gaude; Jainkoak hitz egiten digu, eta gure bihotz barnean sumatu dezakegu apaltasunean bere Hitza entzuten dugunean; baita gure ingurua ere, hurbilena zein urrunena, arakatuz aurkitu dezakegu.
Errukia eta gupida azaltzen den jokaeretan, Jauna presente egiten da. Agian, Jonasen antzera kontrako bidea jarraitzen ari gara, eta “balea” behar dugu gure bideak Jainkoarengana egokitzeko; nork daki guk ere hiru egun behar ditugun bide berria garatzeko, eta gure “zentzumenak” egokitzeko.
Otoitzak lagun gaitzala gure itxaropena ikusten ez dugun, baina Bizia den Jainkoarengan jartzen, apaltasunez, dugun “entzumena” egokituz.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.