HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 16

Aldi hartan, fariseuek, sinagogatik atera zirenean, elkar hartu zuten Jesusen kontra, hura nola galduko. Jakin zuen hori Jesusek eta alde egin zuen handik. Jende askok jarraitu zion, eta Jesusek denak sendatu zituen, eta agindu zien ez zezatela ezagutzera eman. Horrela, Jainkoak Isaias profetaren bidez esana bete zen: «Hona hemen nire zerbitzaria, Nik aukeratua, nire maitea, atsegin dudana. Honengan ipiniko dut neure espiritua; zuzenbidea iragarriko die herriei. Ez du haserrerik sortuko, ez oihurik egingo, ez da kaleetan haren mintzoa entzungo. Kanabera pitzatua ez du hautsiko, doi-doi piztua dagoen argi-metxa ez du itzaliko, zuzenbidea nagusiarazi arte. Hura izango dute itxaropen nazioek».

Mateo 12, 14-21.

Beharrean zen beste gaixo bat (besoa elbarri zeukan gizona) sendatu berri zuen Jesuk, larunbatean gainera! (Nahi duenak irakur beza atzoko ebanjelioari egindako iruzkina)

Haien erlijio-ikuspegiaren zurrunkeria, euren segurtasunkeriak zalantzan jartzen ditu Jesuk, beste behin! Ausardiz, profetikoki.

Berehelako erantzuna jasotzen du testuak fariseuen aldetik: “elkar hartu zuten Jesusen kontra, nola hilko.” Ez ote da neurrigabeko erreakzioa? Ekintza hori lakoak egiten dituen pertsonari, hilketa al dagokio? Ez al da gehiegizkoa?

Bai eta ez. Ekintza zehatz horien atzean, talka dramatikoa egiten dute kontrajarriak diren gizaki, gizarte eta erlijiotasun bi ikuspegiak. Jesurena nagusitzeak, euren mundu-ikuskera eta gizarte zein erlijio antolaketa eraistea (hiltzea) lekarke, eta halaxe, hil ala biziko lez har zezaketen/lezakete/dezakegu, hortaz, zergatik ez hil “gure mundua” eta “posizioa” mehatxatu egiten dituena? Areago, gauzak (izan) diren bezala eta (nire/gure) Jainko(txo)arenborondatearen arabera eginak suntsitu nahi dituena hiltzea, ez litzateke izango eraspen ekintza sakratua?

(Ni neu izan nintekeen) Fariseuen erreakzio eta asmoaz jabeturik, handik alde egin eta gaixo gehiago sendatu zituen (“denak”); tematia alajaina!

Esango nuke, Job-en liburuan ere oso kritikoki jorratuta ageri den eta Teologian “Ordainketaren Legea” bezala ezagututakoa dugula hemen erdigunean:

  1. Jainkoa ona eta justua da.
  2. Pertsona ona, Jainkaoren nahia, borondatea… betetzen duena da; aldiz, bere borondatea egiten ez duena, gaiztoa (ohar gaitezen: gaitz-a bere baitan duena, gaixo dagoena edo dena)
  3. Jainkoa, ona eta justua denez gero, “ordain”etan, bakoitzari dagokion (ordain)”saria” emango dio: ona/fidelari zoriontasuna (familia ugaria, lur emankorra/ondasunak, gizarte/erlijio-posizioa, ospea, “lagun”ak, osasuna…); zer ordain-sari gaiztoari esan gabe doa, alderantzizkoa.
  4. Nola jakin zein den ona (Jainkoaren gogoko) eta zein gaizto? Hara, samurra “lege” horren arabera. Begiratu jaso duen ordain-sariari eta hortxe erantzuna: gaixoa, pobrea, emakumea …, horrekin nahikoa ez eta gainera merezita, gaiztoa izateagatik bizi duelako egoera hori, eta areago oraindik, horregatik beragatik ez garbia (erlijio ikuspegitik ere, pekataria alegia), ez purua, kutsagarria… eta denaren ondorio gisa, baztergarria, urruntzekoa, segregatzekoa, albo batera uztekoa, errefusa. Berdintsu onaren kasuan baina guztiz alderantziz, jakina. Baditugu injustizia, bereizkeria, zapalketa, nagusikeria eta abar guztiak sakralizaturik, “Jainkoaren konplizitatearekin”

Jainkoaren hautatua, zerbitzaria, maitea eta atsegina denak ordea, bere espirituaren bitartez “nazioei justizia iragarriko die”.  Ez al luke/zukeen ikara puntutxorik sortuko?

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.