HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 15
Aldi hartan, larunbatean gari-soroetan barrena zihoan Jesus. Ikasleak goseak zeuden eta galburuak moztu eta jaten hasi ziren. Hori ikustean, fariseuek esan zioten Jesusi: «Begira, larunbatez zilegi ez dena egiten ari dira zure ikasleak» Hark erantzun: «Ez al duzue irakurri zer egin zuen Davidek, bera eta lagunak goseak gertatu ziren batean? Nola Jainkoaren etxean sartu eta Jaunari eskainiriko ogiak jan zituzten, legez ez berak ez beraren lagunek, baizik eta apaizek bakarrik jan zitzaketenak? Edota ez al duzue irakurri Moisesen legean apaizek larunbatero hausten dutela tenpluan atseden-legea, horregatik errudun izan gabe? Ba, Nik diotsuet: bada hemen tenplua baino gehiago den norbait. Ulertu bazenute zer esan nahi duen Jainkoak esandakohonek: “Nahiago dut errukia sakrifizioak baino”, ez zenituzketen errugabeok gaitzetsiko. Zeren Gizonaren Semea larunbataren nagusi baita»
Mateo 12, 1-8.
Tradizio erlijioso guztietan dagoen arrisku bat da hau: erritu eta liturgia-ekintza askotarikoen jatorrizko zentzua, esanahia, espiritua ahaztea, eta letrari hitzez hitz atxikirik, kateaturik, jatorriz zeukaten zentzu horren aurka doazen praktika eta ohitura hutsal, zurrun, itogarri eta sorgor bihurtu.
Larunbata (Sabath) gizakiaren ongizaterako sortua zen, da; gelditzeko, atsedena hartzeko, meditatzeko, bizitzak eskaintzen dizkigun fruitu zoragarriak eta esperientzia-opariak komunitatean dastatzeko, eskerrak emateko, Eden-a gure artean birsortzeko, Hatsa hartzeko, gizakion eta Jainkoaren beraren gozamenerako. Izan ere, Jesuren Abbak (zaintza, gertutasun, sentiberatasun… ezaugarriak dituena), gizakion ongizatearekin gozamena hartzen du.
Gainera, berez zentzu beterikoak diren jai eta praxi erlijioso horien hutsaltzeak, gehien-gehienetan, txiro eta xumeengan zamatzea ekarri ohi du, haiek direlarik euren egoera sozio-ekonomikoagatik zailtasunik handienak dituztenak zama-ezarleek nahi duten bezain zorrotz bete ahal izateko, eta okerragoa dena, batzuetan, bidegabekeria egoerak finkatzeko eta justifikatzeko ere.
Inolako zalantzarik ez dut honetaz egiten: Nazareteko Jesuren Jainkoa, izugarri pozten da, atsegina hartzen du goseak diren pertsonak jaten ikusten dituenean (irakur Has 2; 49,20; Sal 36,9; Neh 9,25 ), hori bai jaiera-erakustaldi, jai-ospakizun, agape, maitasun bete; hunkitu egiten da pertsonon sufrimenduarekin, bere bokazioa salbatzea baita (Jesu = “Jainkoak salbatzen du”).
“Nahiago dut ´rasôn` (zuzentasuna, elkar topaketa, atsedena, gozamena, bakea eta ongizatea) sakrifizioak baino”. (Irakur Mik 6, 6-8)
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.