Ez dizugu besterik eskatu nahi (Lk 11, 1-13)

2022 Uzt 15

Otoitz egitea ez da erraza, Jauna.
Bizimoduaren erritmoak
ez digu horretarako astirik uzten,
irakatsi zizkiguten otoitzak
esaldi arraroz beteta daude eta
ez digute gauza handirik esaten,
gaurko gizartean
ez dago horretarako girorik…

Gainera, Jauna,
barkatu horrela esatea, baina…
batzuetan,
larregitan, egia esateko,
badirudi hutsarekin hitz egiten dugula
zu ez zaudela hor,
desagertu egin zarela
edo are txarrago,
agian inoiz ez zarela hor egon.

Hala da, Jauna:
Oinarrizko gauzak eskatzen dizkizugu
(gaixotasun hori sendatzeko,
lanaren kontu hartan laguntzeko,
familiarekin dugun arazoa biguntzeko…)
eta gauza horiek zentzuzkoak izan arren,
hor diraute, zeuden‑zeudenean.
Nekatu egiten gara, Jauna,
eta zalantzaz bete:
Balio ote du zerbaiterako otoitzak?
Nola egin behar dugu?

Eta orduan Jesusek
konfiantza izateko esaten digu,
jo eta ke otoitz egiteko,
horrela bideak eta ateak
zabalik aurkituko ditugulako.

Eskerrik asko, Jauna,
otoitz egiten dugunean,
noizean behin baino ez bada ere,
egiten dugun zarataren erdian,
zure haize leuna sumatzen dugulako.
Eskerrik asko,
guretzat nahi duzun proiektuari so egitean,
inoiz edo behin, gutxienez,
proiektu hori hedatzen ikusten dugulako.

Emaguzu zure Espiritua, Jauna,
zurea eta Jesusena.
Ez dizugu besterik eskatu nahi,
zuk ondo baitakizu zer behar dugun.
Emaguzu zure Espiritua,
proposatzen dizkiguzun bideak aurkitzeko argia
eta zure proiektuari ateak zabaltzeko indarra
behar ditugu‑eta.
Horrela, Jauna,
gaurko zure ordezkari txiki horietako batek
arrautza eskatzen digunean,
guk ere ez diogu eskorpioirik emango.

Gure aita, zeruetan zarena…