HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 13
Aldi hartan, Jesusek esan zuen: «Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsuei eta burutsuei gorde eta jende xumeari agertu baitizkiozu. Bai, Aita, hala izan duzu gogoko. Nire Aitak dena eman dit, eta ez du inork Semea ezagutzen, Aitak baizik; ezta Aita ere, Semeak baizik, eta Semeak agertu nahi dionak baizik».
Mateo 11, 25-27.
Ezin bestela izan, nola ez iritsi bada “jende xumeari”? Euskaraz xumea txikia ere bada, laua (tolesdura gaiztorik =hybris eza), xehea, umila, apala, ahaltsua ez dena, botere bazter bizi dena, handiusterik gabea, ezagutza handikoa ez dena, gizarte-ospe barikoa…, azken batean, harrokeriak janda bizi denaren aurkakoa, eta hortaz, irekita, ez itxita, entzuteko eta aditzeko zurt, zentzumenak eta adimena erne munduaren mirariak eta opariak dastatzeko prest eta prestu, berrikuntzarekiko gertu, bihotz-berri eta harri, kreazioaren aurrean mirestu, eta horregatik esker kantak sortu, eta poztu, sakratuaren aitzinean sor eta lor, hor.
Aristotelesek (nahikoa misogino ei zena, seguruenik bere garaiko seme), bazioen Jakinduriaren jatorria “izan badenaren, errealitatearen” aurreko harridura eta miresmena direla; atzoko ebanjelioan agertzen zitzaigun bezala ordea, eta gaurkoan esplizituki berretsi lez, munduko ustez jakintsu eta ikasiek, handi-mandiek harridura eta miresmen urri, guztia badakitelakoan/badaukatelakoan, euren baitan bildurik bizi direlarik, harro-erro.
Roman Garate maisu handiak esaten zigun gaztelaniazko “Saber” (=Jakinduria) eta “Sabor/Saborear” (bizitzaren, erealitatearen txikiak, xeheak, xumeak.. erne dastatu eta barruko begiz begitu) sustrai berekoak direla; ez dakit hala izango den, iradokigarria bada behintzat, izan ere, ezagutza/jakintza asko/handiko ugarik jakinduria urriz, eta xume askok bizi-jakinduria erruz.
Goretsia zu Jesu, bazaitugulako Abba-ganako jakinduriazko bide xume.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.