Bizitzan jarduteko zertan ikasi?

2022 Uzt 13

Ulertzean datza gehienbat bizitzen jakitea. Horretan trebatu behar da. Gertakizunak eta norbere izaera ulergaitzak egiten bazaizkigu ez dugu zoriontasunik eskuratuko. Ongi eta bakean sentitzeko ulermen zabala erabat garrantzizko suertatzen da, baina horretarako ez zaigu Jarraibide-Libururik eman.

Gu gainditzera datozkigun zailtasun, ustekabe eta okerrak ulertzen jarduteak asko ikastera garamatza; gurariak eta asmoak ulertzen jarduteak bezainbeste. Nola baliatu atsekabeak ulermena aberasteko? Ba, hausnar pausatura joan eta pixkanaka ondorio argiak atereaz. Horrek ahalbidetzen du ikusmira zabala eraikitzen.

Beste neurgailu praktikoa izaten da hartzen diren erabakiak zein motako ondorio -onak ala kaltegarriak- sortzen dituzten bereiztea.

Sarritan uste izaten da guri gertatzen zaiguna sakonean ez zaiela besteei gertatzen. Norbere ahultasuna besteek ohiz-kanpokoa bezala suma ez dezaten, itzalpean uzten ditugu kateatzen gaituzten nahigabe eta kezkak. Hala ere, itzalpera behin eta berriz bidaliz ez ditugu ezabatzen.

Geure ahultasunak ez ditugu soilik gabeziatzat hartu behar; erronka ere badira. Haietatik ikas daitekeelako. Ahultasun batzuk oso ageriko egiten zaizkigu eta ezin dizkiogu gure baitari ukatu. Horrez gain, ordea, badira gugan hain ezagun ez ditugun beste zenbait bulkada eta emozio-zulo. Gure alderdi iluna deitua dena, hain zuzen. Eta azkenaldian maisu bat eta besteak ari zaizkigu ohartzen bakeak egin behar ditugula geure alderdi ilunarekin.