HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 12
Aldi hartan, Jesus miraririk gehienak egin zitueneko herriak gaitzesten hasi zen, bihotz- berritu ez zirelako: «Ai zu, Korozain! Ai zu, Betsaida! Izan ere, Tiro eta Sidon hiri jentiletan zuengan bezainbeste mirari gertatu izan balitz, bihotz-berrituak ziratekeen aspaldi, dolu-jantziz eta hautsez estalirik. Horregatik, hau diotsuet: auzi-egunean, zigor bigunagoa izango dute Tirok eta Sidonek, zuek baino. Eta zu, Kafarnaum, zeruraino altxatuko zarela? Lurraren barreneraino eroriko zara! Izan ere, zugan bezainbeste mirari gertatu izan balitz Sodoman,gaurdaino iraungo zukeen. Horregatik, hau diotsuet: auzi-egunean, zigor bigunagoa izango du Sodomak, zuk baino».
Mateo 11, 20-24.
Ez dut gogoan zeinek noiz azaldu zidan mirari eta bihotz-berritzearen arteko harremana, itxuran behintzat dagoenaren alderantzizkoa dela.
Testu honetatik uler daitekeenez, badirudi mirariak (zeinuak) egitea izan daitekeela lekukoen bihotz-berritzeko kausa, zergatia, arrazoia eta bidea.
Baina testu honetan islatzen den bezala, horixe kausa-ondoriozko harreman bezala ulertzea behintzat irudikeria hutsa eta frustraziorako bidea izan daiteke: gertatzen da mirariak (adibidez “agape” gisako maitasuna zer da bada gizakion artean mirari gorenetako bat baizik?), salbazio-zeinuak…, ez direla halakoxe hautemanak ere aurrez gutxieneko bihotz-berritzea gure baitan gertatu ez bada, begirada aldarazi egiten digun funtsezko hauts-apaldura bizi ez badugu (labur-luzea daitekeen dolua barne), harrokeria, besteekiko mesfidantza eta itxikeria badira oraindik gure izatearen barne-izerdia: mutur aurrean gertaturik ere, ikusi ez, antzeman ez; nahikoa zigor gurea epaiketa beharrik gabe, berandu baino dagoeneko. Zentzu honetan, bihotz-berrituaren federik gabe miraririk ez, ez alderantziz.
Azaldu zidana zuzen bazebilen, ezinesanezkoak Jainkoak bizi-bitartean aurrean ipintzen dizkigun apaldurako askotariko aukerak…, erne bizi behar.
Testuaren testu-inguru historikora joanda, berriz ere antzeman daiteke agian kristau komunitateak “Sinagoga”rekin bizi zuen egoera gatazkatsua: nola liteke, historia sakratu osoak jasotzen duen bezala, Jainkoak bere (judu) Herriari hainbeste zeinu egin izana, eta bidalitako bere Semea ere harrokeriazko itxikeriaz ez onartzea (Korozain, Betsaida, Kafarnaum)? Jentilak hobeak ote (Tiro, Sidon)?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.