HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 11

Aldi hartan, Pedrok esan zion Jesusi: «Hara, guk dena utzi dugu, zuri jarraitzeko. Zer izango da guretzat?» Jesusek erantzun zien: «Benetan diotsuet: Jainkoak mundu hau eraberritzean eta Gizonaren Semea bere aintzazko tronuan esertzean, zuek ere, nire jarraitzaileok, hamabi tronutan eseriko zarete, Israelgo hamabi leinuak epaitzeko. Eta nigatik etxea, senideak, aita, ama, seme-alabak edota lurrak uzten dituenak, ehun halako hartuko du eta betiko bizia jasoko ondare».

Mateo 19, 27-29

“Merkatua ote da hau, ala?” Hauxe burura atoan otu zaidana!

Deia, doan, graziaz (=gratis, seguruenik merezi gabe) jaso duzu, orain zure txanda horri erantzutea da kontua; nori eskatu bada konturik? Edo utzi al duzu alboraturik zuretzako oso baliotsua, agian aukeratu ei duzun hori baino baliotsuagoa den zerbait eta horren trukean saria nahi al duzu? Utikan espiritu-salerosketak!, ibilbide motz eta kaltegarrikoak dira-eta, norberarentzat baita, batez ere norberarentzat, eta patetikoak, patetikoak baita. Edo negozioa al da hau? Zerbait irabazteko bidea? Aintza, aitormena, epaimena, ahalmena, aginte-makila…? Jesuren bidea zerbaiterako txanpon truke gisa hautatu al duzu bada? Ez ote da bere horretan On?

Jasotako deiari erantzuna ematea dagokio, talde edota komunitatearen abaroan beharbada, baina sakonean nork berea emanez, askatasunez arriskatuz: bat, jarraitzailearena, alegia, mundu honetan misioa (bidalketa) onartzea eta halaxe apostolu bihurtzea, hots, “kanpora/nire bertatik/erosotasunetik harago bidali” alegia (apostolos, apo-stello), ahul, beldur eta dar-dar…, giza legez, baina konfiantzaz; San Benito eguna dugun honetan,  mistika apur batez, zergatik ez, eta komunitate senaz, nola ez.

Horra denon etxea (oîkos -eko), gizateria-senidetza eta lur emankorra lortzeko bidea, betiko.

… esaten zion Juankarrek Juankar Harri-tuari.

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.