San Juan Bagilean

2022 Uzt 11

Euskal urte zaharrak, aro bi baino ez zeuzkan, UDA eta NEGU. Baina denpora eta interkulturalitate bidean, euskaldunok ere lau arotara joan gara, UDA hirukoiztuz: Udaberri eta Udazken sortuz eta NEGUrekin bukatzeko. Uda-aroa garrantzia handikoa izan da beti euskaldunontzat eta ospatu ere halaxe egin eta egiten dugu. Udaren hasiera argiarekin lotuta dago, izan ere, egunik luzeena eta gaurik laburreneko eguna dugulako, eta ospatzeko ere, besteak beste, argiaren sinbolo den suarekin egiten dugu.“San Juan sugarrak” geratu zaizkigu bizien. Hizkuntzak San Juan diosku eta halaxe da, baina izen hori Eleizarengandikoa da, solstizioak kristautu egin zirelako. Aldaketak aldaketa, San Juan bezpera gaueko sugarrak bizi bizirik dauzkagu oraindik. Baina, beste su mota bat ere euki dugu bizirik Gorbeialdean ia gaurko egunetararte, zein? eta “ San Juan Bagilean”  abestia kantatuz egiten izan duguna. San Juan bezpera gaulendian, hartu galtzupoila  edo bedar siku metxota bat, izetu zuzi modura eta soloak inguratzen genituen kantu hau ahotan genuela:

San Juan Bagilean
denpora ederrean
artoak eta gariak gorde
subeak eta sapoak erre
San Juan bezpera gaube

Polita zen auzoko guztiak zuziokin ikustea eta kantuka entzutea soloak bedeinkatzen uztak zaintzeko. Gero sugar nagusia egiten zen auzunako bidegurutze batean. Gaur folklorizaturik ospatzen da herri-hirietan.