HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 10

Aldi hartan, lege-maisu batek jaiki eta azpikeriaz galdetu zion Jesusi: «Maisu, zer egin behar dut ondaretzat betiko bizia jasotzeko?» Jesusek esan zion: «Zer dago idatzia Moisesen legean? Zer irakurtzen duzu?» Hark erantzun: «Maita ezazu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz, indar guztiz eta adimen guztiz; eta lagun hurkoa zeure burua bezala». Jesusek erantzun zion: «Ederki erantzun duzu. Bete hori eta bizia izango duzu». Baina, lege-maisuak, galdera bidezkoa zela adierazi nahirik, esan zion Jesusi: «Eta zein da nire lagun hurkoa?».

Jesusek, orduan: «Behin batean, gizon bat zihoan Jerusalemdik behera Jerikorantz, eta lapurren eskuetan erori zen. Lapurrek zeuzkanak kendu eta, egurtu ondoren, alde egin zuten, erdi hilik utziz. Hain zuzen, apaiz bat gertatu zen bide hartan behera eta, gizona ikusi zuenean, bidetik baztertu eta aurrera jo zuen. Beste horrenbeste egin zuen handik igaro zen tenpluko lebitar batek ere: ikustean, bidetik baztertu eta aurrera jo zuen. Baina bidaian zen samariar bat bertara iritsi eta, hura ikustean, errukitu egin zitzaion. Hurbildu eta zauriak lotu zizkion, olioz eta ardoz igurtzi ondoren; gero, bere asto gainean jarri, ostatura eraman eta bere ardurapean hartu zuen. Biharamunean, zilarrezko bi txanpon atera eta ostalariari eman zizkion, esanez: “Zaindu ezazu eta, gehiago gastatzen baduzu, hurrena natorrenean ordainduko dizut”. Zure ustez, hirurotan zeinek jokatu zuen lagun hurko bezala lapurren eskuetan eroritako gizonarekin?». Lege-maisuak erantzun zion: «Hartaz errukitu zenak». Jesusek esan zion, orduan: «Zoaz eta egin zeuk ere beste horrenbeste».

Lukas 10, 25-37.

“Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, indar guztiz eta adimen guztiz. Eta lagun hurkoa zeure burua bezala”

Zilegi bekit Joxe Arregiren aipamen txiki bat egitea. Harekin batera egindako ikaste-elkartze batean behin baino gehiagotan aipatu izan dugu hitz berbera erabiliz (Jainkoa) zer ote den gutako bakoitzaren gogoan pizten dena, agertzen dena, ulertzen duguna…; izan ere, oso litekeena da bik “bihotz-bihotzez, gogo osoz, indar guztiz eta adimen guztiz” Jainkoagan dugun maitasuna adieraztea, aitortzea, eta bide batez zenbat eta bihotz/gogo/indar/adimen handiagoz maita, orduan eta urrunago izan bata bestearengandik funtsezko bizi-aukeraketa eta -proiektuari dagokienez.

Eta alderantziz, ez gutxitan gertatu zait bere burua “ateo” duten pertsonekin hitz egiten jardun, haiek niri zergatik ez duten gogoko kristau Jainkoa azaldu eta horregatik errefusatu, eta nik Jainko horrengan ere ez dudala sinesten esan behar eta errefusatu egiten dudala: zerez/zelan/zeren arabera betetzen dugu Jainkoa izena, zer izan ematen gutako bakoitzak “nire/gure”-ari?

Maisua mintzo: “Eta nor da nire lagun hurkoa?” Ez beti-bakarrik nire ondoan dagoena, baizik eta beharrean dago/daude-lako (edozein motatakoa delarik ere behar hori) ni/gu hurbildu naizen/garen (“aproximatu”) berori/beroriek, horrela bihurtzen baita/baitut/baitugu gure/nire lagun hurko (próximo, prójimo), eta bide batez neu/geu berea/eurena.

Jainkojale-ontzi izan naiteke, baina hurbiltze horri ihesean betiro banenbil, maite dudan Jainko horixe Nazareteko Jesuren Jainkoa zail; izan ere,

“…maite ez duenak ez daki deus ere Jainkoaz, Jainkoa maitasuna baita.
«Jainkoa maite dut» esan eta senideari gorroto diona gezurti da; izan ere, ikusten duen
senidea maite ez duenak ezin du maite ikusten ez duen Jainkoa” (1Jn 4, 8.20)

Doce C rap musika talde euskaldunak ´Golgotara Begira´ abestian dioen bezala,

Egonda zerora, edozein arkupe bero da
baina gerora, hurbildurik berora
etortzen zaigu gogora gizaki orori
tximini(a)k ez du(e)la babesten inoiz gehiegi.

Ez dira aldatzen begi(a)k, bai begiradak
komenigarri bihurtuz egi danak.

Suge(are)n tentaldirako ahulegi zanak
gaur behintzat be(r)a(re)ntzat gure babes danak

“Bete hori eta bizia izango duzu.”

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.