HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 9

Aldi hartan, Jesusek esan zien apostoluei: «Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago, ezta morroia ere nagusia baino gehiago. Nahikoa du ikasleak irakaslea adinako izatea, eta morroiak nagusia adinako. Etxeko jaunar Beeltzebul deitu badiote, zer ez ote diete deituko haren etxekoei? Ez izan jendearen beldur! Izan ere, ez dago ezer gordea agertuko ez denik, ezta ezer ezkutuan ere jakingo ez denik. Gaueko ilunpean esaten dizuedana esan zuek egun-argitan, eta belarrira entzuten duzuena hots egin etxe-gainetatik. Ez izan beldurrik gorputza hil bai, baina bizia kendu ezin dutenei; izan beldur, gorputza ez ezik, pertsona osoa ere infernuan gal dezakeenari. Ez al dira bi txori txanpon batean saltzen? Hala ere, ez da bat bakarra ere lurrera erortzen zuen Aitaren baimenik gabe. Zuen buruko ileak ere zenbatuak ditu Jainkoak. Ez, bada, beldur izan; txori guztiek baino gehiago balio duzue zuek. Jendearen aurrean aitortzen nauena aitortuko dut Nik ere zeruko neure Aitaren aurrean; baina jendearen aurrean ukatzen nauena ukatu egingo dut Nik ere zeruko neure Aitaren aurrean».

Mateo 10, 24-33.

Garaiko gizartearen isla ere badena jakin arren, kosta egiten zait batzuetan zenbait testutan naturalki onartutzat ematen bide diren giza-arteko batzuk irakurtzea, gogoan dudan Nazareteko bizi-proiektuarekin alderaturik, nolabaiteko barne-ezinegona sentitu gabe; desitxuraturik al dut agian JesuKristoren bizi-proiektu hori? Nire-neure gogartera nahieran eginda beharbada?

Gaurko honen hasierakoan halaxe gertatzen zait:

  • Gizakien arteko harremanei gagozkielarik, ondo bat al dator “nagusi-morroi” hirerakia-harreman zakar-latza Nazaretarrak aurreko egunetako testuetan ere aldarrikatzen digun Jainkoaren Erregetzarekin?
  • Eta Etxe”jauna”-ri, gaur egunean mendebaldean behintzat nahikoa zabaldurik dagoen kultura-molde batetik usaindurik, ez ote dario patriarkalkeria kutsu aski zaharkiturik?

Ez al dakit harago/honago begiratzen eta ikusten? Oso litkeena… Arazorik gabe ulertu eta onartzen dut Bera dela Irakaslea, Nagusia eta EtxeJauna, jakina, areago judu Herriko agintariekiko polemika giroan kristau-komunitatean bere “goren” hori nabarmendu nahi izatea; geu lako gizaki bete bai, baina geu bestelako Jainko ere bada, haraindikoa; arazoa dator irakurketa horretatik, giza-tentazioari ezin eutsirik, Hari ez, baizik eta nork bere buruTXOari ezarri nahi diogunean gainerako pertsonekiko nagusikeria, irakaslekeria, JaunTXOkeria. Halakoetan ez neukake ez zalantzarik: hori bai “gau iluna”, “bizitza hondatzea” eta “hil”tzea, “beldur” iturri bezainbeste, “infernua” pertsona oso(ar)entzat…

Txoririk txikiena izanik ere, denok ordea Aita/Amaren begietan neurrigabeko duintasun eta balio bereko, seme-alaba oso.

Aitor dut.

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.