HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 8
Aldi hartan, Jesusek esan zien apostoluei: «Hara, ardiak otso artera bezala bidaltzen zaituztet. Izan zaitezte, bada, sugeak bezain zuhur eta usoak bezain xalo. Kontuz jendearekin! Auzitegietara eramango zaituztete eta sinagogetan zigorkatuko; agintarien eta erregeen Aurrera eramango zaituztete nigatik, aitormen egin dezazuen haien eta jentilen aurrean. Eramaten zaituztetenean, ez egon zer eta nola esango duzuen kezkatan: une hartan bertan adieraziko dizue Jainkoak zer esan; ez zarete zuek mintzatuko, zuen Aitaren Espiritua mintzatuko da zuen bidez. Anaiak anaia emango du heriotzara, eta aitak semea; seme-alabak gurasoen aurka altxatuko dira eta hil egingo dituzte. Mundu guztiak gorroto izango dizue nigatik; baina azkeneraino irauten duena, horixe izango da salbatua. Herri batean pertsegitzen bazaituztete, egin ihes beste batera. Benetan diotsuet: Gizonaren Semea etorri aurretik, ez dituzue Israelgo herri guztiak igaroko».
Mateo 10, 16-23.
Jakitun naiz Mateoren araberako ebanjelioaren paragrafo hauetan seguruenik neurri handi batean islatzen dela K.o. lehen mendearen hondarrean, Tenplua suntsitua izan ostean (agian aurretikoagoa ere), judu-komunitatearen barruan bizi zen gatazka giroa (batzuek Sinagogarekiko gatazka deitu dutena), agian baita Domiziano Enperadoreak kristauen aurka abiaturiko jazarraldi giroa ere (K.o. 81-96): batzuentzat Nazareteko Jesus da Jainkoak bidalita itxaron dugun Mesias, Kristo, Gantzutua, Salbatzailea, Osasun Osoa ekarri diguna (salus), behin betiko; beste batzuentzat ordea sakrilegioa, biraoa, zorakeria.
“…ardiak otso artera bezala”, “«Kontuz jendearekin! Auzitegi eta sinagogetara eramango zaituztete eta zigortu egingo”, “agintari eta erregeen aurrera eramango zaituztete niregatik, eta aitorpen egingo duzue haien eta jentilen aurrean”, ”Anaiak anaia emango du heriotzara”…
Mesfidantza, beldur eta pertsekuzio giro izugarria, Inperioaren jainkoak edota idoloak onartzen ez zituztelako “ateo” deiturikoen aurka, Nazareteko Jesuren jarraitzaileen kontra.
Zer aitorpen mota izango zen egin behar zutena? Hitzezko formula kerigmatikoa ukatu? Protodogmaren bat(zuk) (des)aitortu? Bere ekintzengatik izango ziren auziperatuak?
Egoera latz horretan itxaropena, iraupenaren sendotasuna eta fedea sustatu eta areagotu egin nahi ditu testuak, zalantza barik, bidegabeki zapalduak diren pertsonen salbaziorako. Izan gaitezen egun kristauok gure jokabideen bitartez, gertutasunez, itxaropena, sendo/a-bidelagun eta fede sustatzaile, areagotzaile, halakoetan bizi direnekin, gure artean…, horixe bai bizi-aitorpena, ditugun baino arazo (eta poz) gehiago ekarriko lizkigukeena, testigantza, martiritza osasungarri bakarra.
______________
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.