HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 7

Aldi hartan, Jesusek esan zien apostoluei: «Bidean zoaztela, hots egin hurbil dela zeruetako erreinua. Senda itzazue gaixoak, piztu hildakoak, garbitu legenardunak, bota deabruak. Hutsean hartu duzue, eman hutsean. Ez eraman urrerik, ez zilarrik, ez dirurik gerrikoan; ez zakutorik biderako, ez soinekorik aldatzeko, ez oinetakorik, ezta makilarik ere, zor baitzaio langileari behar duen jatekoa. Edozein herritan nahiz auzotan sartzen zaretela, jakizue ba ote den konfiantzazko inor, eta gelditu haren etxean, herri hartatik atera arte. Etxean sartzean, egin bake-agurra; etxekoak duin badira, hel bekie zuen bakea; duin ez badira, berriz, zuen bakerik gabe geldituko dira. Onartzen ez bazaituztete eta zuen hitza entzun nahi ez, etxe nahiz herri hartatik ateratzean, astindu zeuen oinetako hautsa. Benetan diotsuet: auzi-egunean Sodomak eta Gomorrak zigor bigunagoa izango dute herri hark baino».

Mateo 10, 7-15.

Hogei mende aurretik idatzitako testuetan erabilitako izendatze-hitzak batzuetan ulergaitzak izan daitezke gaur egungo mendebaldeko gizarteko pertsonontzat. Esate baterako “erregetza” deitzea Jainkoaren proiektua nagusitzeari, mamitzeari, batez ere teologia gaietan gutxieneko prestakuntza ez dugunontzat, areago gaiarekiko aurreiritziak edukiz gero. Irudiak irudi, beti iruditu zait gizatiarregia Jainko Errege baten irudia, apika desegokia ere, gaurko bederen…

Errepublika (etxe komuna nahi bada, oíkos) den erregetza ordea, horra paradoxa, non ezer (pertsona, gauza, erakunde…) ezin baita sakralizatu, idolatratu, absolutizatu, ezta erregea ere, unean-uneko buruzagia, giza-eraikuntza izan den ezer, zekorraren urreak liluraturik, are itsuturik biziko ez bagara…; bide batez, dena sakratu, komuna, Espirituaren sorkari den aldetik duintasun berdinekoa, hierarkia ezarri gabe, inor inoiz ezeren jaun eta jabe absolutu izan ahal gabe.

Neurri batean bederen, horra gure gaixotasun zeinbaiterako senda-belarra, espiritu hits eta iharrak pizteko hatsa, barru-arazterako ura, gure deabru txiki zein handitxoegiak uxatzeko azal-gantzua.

Doan hartu duzue, eman doan, konfiantza eman eta onartu, bakea (Shalom) zuekin, nirekin…

Haatik, azken txatalaren gogorrak neu ere harri(tzen) nau; zilegi bekit: giza-erregetxoen espiritu pobreegiaren usaina dario, auzia, zigorra…, non Nazareteko Jesuren lurrin goxoa? Gehiegitan gainera hemen eta orain gu-geu epaile, “justizia”-egarri, jainkotxo lez.

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.