HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 4
Aldi hartan, Jesus mintzatzen ari zela, buruzagietako bat etorri zitzaion eta, ahuspezturik, esan zion: «Hil berria dut alaba; baina zatoz hari eskua ezartzera, eta biziko da» Jesus jaiki eta ondoren joan zitzaion bere ikasleekin. Hontan, hamabi urte hartan odol-jarioz zegoen emakume bat atzetik hurbildu zitzaion Jesusi eta soineko-ertza ukitu zion, hau baitzioen bere baitan: «Jantzia bederen ukitzen badiot, sendatuko naiz» Itzuli zen Jesus eta, emakumea ikustean, esan zion: «Izan bihotz, alaba! Zeure sinesmenak sendatu zaitu» Eta ordu beretik sendatua gelditu zen. Iritsi zen Jesus buruzagiaren etxera eta,hango erostariak eta jendearen istilua ikustean, esan zien: «Alde hemendik! Neskatxa ez dago hila, lo dago» Haiek barre egin zioten. Jendea bidali zutenean, sartu zen Jesus eta eskutik heldu zion neskatxari, eta neskatxa jaiki egin zen. Inguru hartan guztian zabaldu zen gertatuaren berri.
Mateo 9, 18-26.
Mateok fede berri baten iragarpena egiten digu, berak bizi izanikoa: Jesus, gizaki berria dugu, eta bere ekintzak bizi ditugun errealitate guztiak izen berriaz jartzen ditugu. Heriotzaren izen berria “ametsa” izango da, edo beste era batera esanda, heriotzari azken indarra eta eragina kentzen dio. Esaten denean ez dagoela hilda, lotan aurkitzen dela, hauxe esan nahi dugu: maila bateko bizia amaitu da, guk ikusten duguna, baina oroimenaren bitartez eta Jainkoaren magalean jakin ez dakigula nola, bizitzak jarraitzen duela. Zergatik jasotzen du Mateok Jesusen ekintza hau? Bere taldean, Jesusen heriotza ostean esperientzia berbera bizi izan zutelako: giza historiatik at ikusi zuten, gurutzean eskegita, baina baita haren indar eragilea –euren artean bizirik zegoela-, esangaitzeko moduan, argi zeukaten.
Jesusengan konfiantza jarri ondoren, bizitza eta heriotzari esanahi berri bat aurkitu zioten.
Bigarren ekintza, odola dariola zegoen emakumearekin izaniko harremana ikusten dugu: bizia galtzen zihoan, han eta hemen ibilia bizia berreskuratzen eta ezina nagusi, baina konfiantza galdu gabe.
Bere egoeraren eraginez elkarren arteko harremanetatik kanpo bizi zen, bai gizartean, bai Jainko harremanetan. Eta horretan zegoela, fede eta miresmenaren eraginez, neurtu ezineko opari goxoa jaso zuen Jesusengandik: izen berria –“alaba”– eskaintzen dio. Norena? Jainko familiakoa, Jesusek iragarritakoa bere ingurugiroan, Palestinan, emakume izanik.
Tamainako ausardia agertu zuen Jesus ukitu zuenean, gainera gizon baten otoitz oihala, inork ukitu ezinekoa. Jesusen onarpenak Jainkoaren asmoa bere betera daroa: inor ez dadila bakarrik aurkitu, inor ez dadila sentitu alboan utzita.
Eta ni, gu, eguneroko harremanetan, nork ukitzen gaitu? Nori uzten diot ukitzen ni-re pentsamoldeak, jarrerak, ondasunak, bihotz samurtasuna…?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.