HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 3
Aldi hartan, Jaunak beste hirurogeita hamabi ikasle izendatu eta bere aurretik bidali zituen binaka, bera joatekoa zen herri eta leku guztietara. Eta hau esan zien: «Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Egin, beraz, otoitz uzta-jabeari bidal ditzala langileak bere uztara. Zoazte! Arkumeak otso artera bezala bidaltzen zaituztet. Ez eraman poltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik, eta ez gelditu bidean inori agur egiten. Edozein etxetan sartzen zaretela, esazue lehenbizi: “Bakea etxe honetakoei!” Eta han bakezalerik bada, haren gainean kokatuko da zuen bakea; bestela, berriz, zuen bakerik gabe geldituko dira. Geldi zaitezte etxe berean; eta jan eta edan daukatenetik, zor baitzaio langileari bere saria. Ez ibili etxez etxe. Herriren batean sartu eta ondo hartzen bazaituztete, jan jartzen dizuetenetik, sendatubertako gaixoak eta esaiezue: “Hurbil duzue Jainkoaren erreinua”. Baina herriren batean sartu eta onartzen ez bazaituztete, irten plazara eta esan:“Oinetan itsatsi zaigun zuen herriko hautsa ere hor astintzen dizuegu. Dena dela, jakizue hurbil dela Jainkoaren erreinua”. Begira: auzi-egunean Sodomak zigor bigunagoa izango du, herri horrek baino». Hirurogeita hamabi ikasleak pozez beterik itzuli ziren, eta esan zioten Jesusi: «Jauna, deabruak ere menpean jartzen zaizkigu zure izenean». Jesusek erantzun zien: «Tximista bezala zerutik erortzen ikusi dut Satanas. Begira, sugeak eta arrabioak (eskorpioiak) zapaltzeko eta etsaiaren indar guztiak menderatzeko ahalmena eman dizuet, eta ezin izango dizue ezerk ere kalterik egin. Hala ere, ez poztu espirituak menpean jartzen zaizkizuelako; poztu, bai, zuen izenak zeruan idatzirik daudelako».
Lukas 10, 1-12. 17-20.
Jesusek bere garaiko belaunaldian hasita gaurko testigu eta kristau aitorleen sokan sartzen gaitu: bere ekintzen Berri Ona gizakien bizitzarako zabaltzera. Hau da kristau elkarteen izatea eta egitea, gaurko munduari aldiko erronketan murgilduta dagoenari, gizatasuna sendotzera lagundu: eginkizun makala izatekotan… Jainkoak eskaintzea nahi duen mezua, Berri Ona,Jesusen bitartez ezagutu duguna.
Horretan gabiltza Jesusen jarraitzaileok, baina gure kultura esparruaren konplexutasuna albo batera utzi gabe: zer eskatzen du eginkizun honek? Alde batetik norberaren izatea eta egitea Jainkozaletasunean kokatzea,eta bide batez eskuarteko edo bitartekotza askorik gabe eramatea.
Zergatik Jesusen grina egiteko hau binaka egin beharra? Misioa izate baten lekukotasuna delako, hau da, senidetasunaren muina agertzeko. Jainkoaren asmoa aldi bakoitzean gauzatzeko sinesdunok agertu behar dugu geure izatean adiskidetasuna sortzen geure fedea sendotzen dela. Elkarren arteko giza bidea, elkarren arteko laguntza, elkarren arteko zaintza, hori bai dela jainkotasunaren ezaugarri paregabea.
Jesusen denboran, baita geurean ere, beharrizanen tamaina eta gizatasun osasuna hedatzera bidalien neurriak ez du konparaketarik; beti gainezka egingo du beharrizanak eta beti eskuak gutxiegi izango dira. Laguntzak, eskuartekoak murriztuak sentituko ditugu, baina horretan agertuko da benekotasuna.
Ez eraman…. Jesusek gogora ekarten digu jarrera nagusia, baina nola gaurkotu?
Berak gonbidatzen gaitu Jainkoa lagun izango dugula eta bizipen horretaz fidatzera. Bizitzan zehar, aldi bakoitzean behar ditugun ahalmen, bitartekari edo laguntza izango ditugula. Arreta edo erdigunea desbideratzen diguten hainbeste sentipen, gauzak bazterrera eramanda, pisua arinduta aurrera egiteko. Besteen laguntza, adorearen beharra barruan aurki dezagun,norbera munduaren erdigune bihur ez gaitezen. Beharrizaneko gizakia naizela bizi ahal izateko, nik neuk bakarrik aurrera ezin dudala egin, orduan Jainkoaren altzoan lasaitasuna aurkitzeko.
Jesusen azkenengo oharrari adi egon behar dut: prestatu bihotza, eskuak eta oinak, baretu nire muina, ardura nagusiena Jainkoagan dago, nik eta zuk aurrera bultzatzeko ardura dugu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.