HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 2

Aldi hartan, Joan Bataiatzailearen ikasleak Jesusengana hurbildu eta esan zioten: «Zergatik guk eta fariseuek sarritan egiten dugu barau, eta zure ikasleek ez?» Jesusek erantzun zien: «Ezteietara deituak egon al daitezke triste, senar berria berekin duten bitartean? Etorriko zaie senar berria kenduko dieten eguna; orduan, bai, egingo dute barau. Inork ez dio jantzi zaharrari oihal gordinezko adabakirik josten, jantzia behartu egingo bailuke adabakiak, eta zarrastada handiagoa egingo. Ez da ardo berririk sartzen ere zahagi zaharretan; bestela, zahagiak lehertu egingo lirateke, eta ardoa isuri eta zahagiak hondatu. Ardo berria zahagi berrietan sartzen da, eta horrela biek irauten dute».

Mateo 9, 14-17.

Nola azaldu Jainkoa eta gizakion arteko harremana eta jatorria?

Horixe da Jesusek aditzera ematen diguna pasarte honetan.

Kristau fedearen barruan denbora luzean gabiltzanok, sarritan berak agertutako jarrera berrien miresmena galduta dugu.

Nire eguneroko bizitza eta ekintzen artean, nola ageri da edo antzematen dut Jesusek bizirik irautea? Hainbeste egitek, ardurak, hara eta hona ibiltzeak gogaldatu egiten gaituzte, eta zaila egiten zaigu ardo berriaren goxotasun eta oparotasuna dastatzea. Jesusen hitzen oparotasuna dastatzeko gonbitea jaso dugu.

Irudi bitxi honekin begiratzen diogu Jesusi: senargaia, bere bizitza adorea, maitasunaren indar eragilea, barrenean bi bat egiten direna… Gizakiok hitz eta irudien bitartez saiatzen gara azaltzen zer den gogokoen duguna: Jainkoak honela maite gaitu senargai baten antzera, beti gure zain egoten dena, denetan gure alde duguna… Eta hau Jesusen bitartez ezagutu dugu.

Bizitzari soineko berria jartzen dion Jainkoa.

Ardo berriaren oparotasun eta jai egitea sortzen duen Aita-ama.

Izan gaitezen esker onekoak, eta egunerokotasunean miresmena agertzeko gai!

Ana Berrizbeitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.