HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Ekainak 29

Aldi hartan, Jesusek, Filiporen Zesareara iritsi zenean, galdera hau egin zien ikasleei: «Gizonaren Semea nor dela dio jendeak?» Haiek erantzun: «Batzuek, Joan Bataiatzailea dela; beste batzuek, Elias; besteek, Jeremias edo profetaren bat» Jesusek, orduan: «Eta zuek, nor naizela diozue?» Simon Pedrok erantzun zuen: «Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea» Orduan, Jesusek esan zion: «Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez baitizu hezur-mamizko inork agertu, zeruko nire Aitak baizik. Eta hau diotsut Nik: Zu Pedro –harkaitza- zara; harkaitz horren gainean eraikiko dut Nik neure Eliza, eta Herioaren indarrak ez zaizkio nagusituko. Zeruetako erreinuko giltzak emango dizkizut: zuk mundu honetan lotua, zeruan ere lotua geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua, zeruan ere askatua»

Mateo 16, 13-19.

Jesusen heriotza ostean, haren jarraitzaileak galdera baten zalantzen artean bizi izan ziren: nor izan da Jesus, gurutzean eskegita ikusi dugu eta harenak badu jarraipenik, Jainkoa ahaztu egin da hartaz eta gutaz edo…

Pasarte honek Pedroren lekukotasuna eskeintzen digu, haren jarraitzaile izatearen sena, Berri Onaren alde bizi osoa eman ondoren, lehen mailako testigu bihurtu zelako, baita guretzat ere.

Jesusengan zuen konfiantza, fedea, iraupena, gaurko fededunontzak eredu bihur daiteke. Bere burua makal aurkituz, fede jarraipena ez zela bere eskuetan bakarrik, Jesusengandik agertzen zaion fede indarraren eraginean baizik.

Haien testigantzak egoera honetan edo hartan bizi izanik, fedea eta konfiantza indartzera eroaten gaitu. Sarritan gure kristau elkartea txikiagoa izatera doala ikusten dugunean, beldurra, ezina sortzen zaigu eta zerumuga ilundu; eta gure portaera pertsonalaz eta elizerakundearen jokamoldeen ergelkeriaz jabetzen garenean ere, barreneko beldur eta ezinaren indarra sentitzen dugu.

Orduan, gogora ekartzen dugu hebertarrei zuzendutako gutunekoa, orduko fededunek kristau eredua azaltzen zuten moduan:

Horregatik, guk ere, hainbat eta hainbat testiguz inguraturik gaudenok,
astin dezagun oztopo zaigun guztia,
eta ekin diezaiogun etsi gabe aurrean dugun lasterketari. 
Jar ditzagun begiak geure fedearen iturburu eta betetzaile dugun Jesusengan.
Heb 12, 1-2

Ana Berrizbeitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.