Mendebaldeko kulturak askatasun pertsonalaren zentzu zorrotza eta sakona garatu du, eta giza eskubideei lotuta ikusten du nahitaez. Zentzu horren adibide interesgarria koronabirusarekin gertatutakoa izan liteke.
Ematen du beste inori kalterik ez egitea dela askatasunaren eskubidea mugatzen duen marra bakarra eta, sarri askotan, muga hori lausotu egiten da askatasuna arriskuan badago.
Planteamendu horrek pertsonarengan eta bere autonomiaren ondorio positiboetan konfiantza handia jartzea dakar; antropologia positiboa edo baikorra dago horren azpian.
Kontua da askatasun pertsonalaren ekimenak ez dakarrela beti eta berez ondorio onik; batzuetan oso kaltegarria izan daiteke norbanakoarentzat eta gizakiarentzat.
Askatasunaren eta elkartasunaren artean tentsio bat dago; biak ala biak beharrezkoak dira bai norbanakoarentzat, bai gizartearentzat, baina sarritan ez dira guztiz bateragarriak.
Kristau tradizioan, kontzientzia pertsonalaren lehentasuna oso garrantzitsua izan da, are gehiago Vatikano II. kontzilioaren ondoren. Nazareteko Jesusek bizi duen fede dinamikan askatasuna eta elkartasuna guztiz batzen dira: askatasunak elkartasunera darama eta, alderantziz, elkartasunak askatasuna eskatzen du. Non dago sekretua?