Ezagutza eta Adimena izanda, zertarako Jakinduria?

2022 Eka 22

Zoriontasun nahiak beti dirau lehen lerroan edonorentzat, bai sentimenduen muinean zein gogo multzoan. Antzinetik esana zaigu zoriontasunera heltzeko jakinduriaren bidetik joan behar dela. Baina ez al dugu nahiko Ezagutza eta Adimenarekin?

Antzina Jakinduria goraipatzen zen. Egun, Ezagutza eta Adimena dira gehien desiratzen diren balioak. Antza, duten praktikotasunagatik.

Zertan datza Jakinduria eta zertaz daki? Aldian-aldikoa ote da, ala sustrai egonkorrak ditu? Ezagutza orokortua bezala aurkeztua izan da, ibilera luzearen bilduma pausatua.

Zertan gorpuzten da Jakinduria? Funtsean bizitzan egokiak zaizkigun bideak argitzeari begiratzen dio. Batez ere onbidezko jarrera aukeratuz eta landuz. Oreka bateragarrian alderatzen ditu asmoak eta ezagutza. Eta biko aldea da: errealitatea eta norbere ahalmenak aztertze-lana da. Jakinduriaren garrantzia estutzera jo ezkero, beste galdera: horretarako ez ote da nahiko Adimena?

Adimena, ikasteko gaitasuna denez, ezagutzaren zirrikituetan sartzeko atea da. Urrats bakoitzean aurkitzen duguna ikasteko abilezia, edo ia denetatik ikasteko prestutasuna.

Ezagutzan lortutakoa, Jakinduriak bereizketa lanari ekiten dio, errealitatearen alde on eta okerrak bereizten saiatuz. Nola? Begirada landuz. Bat-batekotasunetik denboraren iraupenak zer argitzen duen kontutan hartuz.

Espiritualtasuna Jakinduriaren behar ezinbestekoa da, Ezagutza eta Adimena alboratu gabe. Azken bi hauen emaitzekin bizitzari eta errealitateari esanahi sakona bilatzen ahalegintzen da. Espiritualtasuna etengabeko bilaketa da, eta alboan Jakinduria izaten du bidelagun.