HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Ekainak 18

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ezin da inor bi nagusiren morroi izan; izan ere, bata gorroto izango du eta bestea maiteko, edota bati leial izango zaio eta bestea ez du aintzat hartuko. Ezin zarete Jainkoaren eta diruaren morroi izan. Horregatik diotsuet: Ez kezkatu bizitzeko zer jango edota gorputza zerez jantziko. Ez ote da bizia janaria baino gehiago, eta gorputza jantzia baino gehiago? Begira zeruko hegaztiei: ez dute ereiten, ez uztarik biltzen, ez mandioan pilatzen; hala ere, zeruko zuen Aitak janaritzen ditu. Ez al duzue zuek haiek baino askoz gehiago balio? Asko kezkatuta ere, zuetako nork luza lezake apurtxo bat bizitza? Eta jantziaz, zergatik kezkatu? Begira nola hazten diren loreak zelaietan: ez dira lanean nekatzen, ez dute iruten; baina, egia esan, Salomon bera ere, bere ospe guztian, ez zen janzten horietako bat bezain apain. Beraz, gaur belardian dagoen eta bihar suan erreko den belarra Jainkoak horrela janzten badu, zenbatez gehiago zuek, sinesmen txikikook? Ez kezkatu, bada, zer jango, zer edango, zer jantziko duzuen pentsatuz. Jentilak arduratu ohi dira horiez guztiez. Zeruko zuen Aitak badaki horien guztien beharra duzuela. Bilatu lehenbizi Jainkoaren erreinua eta beronen zuzentasuna, eta gainerako guztia gehigarri emango dizue Jainkoak. Ez kezkatu, bada, biharko egunaz, biharko egunak ere ekarriko baitu bere kezka. Aski ditu egun bakoitzak bere buruhausteak».

Mateo 6, 24-34.

Atzokoan Jesus txundituta agertzen zitzaigun; gaurko honetan, berriz, goia jotzen du. Zer konfiantza! Zer uste on eta osoa Aitarengan! Bai, gu geu ere txunditu egiten gaitu. Nahiko genuke konfiantza horretatik zintzilikaturik bizi. Ardura guztiak alboratu eta Jainko Aitaren besoetan haurrak bagina bezala lasai eta seguru sentitu.

Baina ezin dugu. Kezkak eta ardurak gurekin doaz. Eta heldutasunaren ezinbesteko atal ditugu, bizitzari norberak heltzen ikasi duen adierazgarri, besteekiko maitasun eta arduraren ezinbesteko lagun. Nola ez kezkatu, nola ez arduratu?

Jesusek heldutasun paregabea agertu ohi du. Aurreko kapituluetan Erreinuarekiko ardura eta betebeharrak zorrotz azaldu ditu. Nola da posible, orduan, aldi berean, eta bere hitzaldia laburbiltzeko, halako konfiantza betea azaltzea Jainko Aitarengan?

Jesusek bezala, guk ere ikasi beharko dugu egunean egunekoa bizitzen. San Inaziok zioen bezala, Jainkorik ez balitz bezala, jakinik guztia bere esku dagoela. Eta orduan hasiko gara biharkoa haren esku uzten eta gure ardura nagusi haren Erreinua eta zuzentasuna bihurtzen.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.