HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Ekainak 16

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Otoitz egitean, ez jardun esan eta esan, jentilak bezala, uste baitute beren hitz-jarioari esker entzungo diela Jainkoak. Ez izan haien antzeko, badaki-eta zuen Aitak zer behar duzuen, zuek eske hasi baino lehen. Beraz, zuek honela egingo duzue otoitz: «Gure Aita, zeruetan zarena: santu izan bedi zure izena, etor bedi zure erreinua, egin bedi zure nahia, zeruan bezala lurrean ere. Emaguzu gaur egun honetako ogia; barkatu gure zorrak, guk ere geure zordunei barkatzen diegunez gero, eta ez utzi gu tentaldian erortzen, baina atera gaitzazu gaitzetik». Izan ere, zuek besteei beren hutsegiteak barkatzen badizkiezue, zuei ere barkatuko dizue zeruko zeuen Aitak; baina besteei barkatzen ez badiezue, zuei ere ez dizkizue barkatuko Aitak zeuen hutsegiteak».

Mateo 6, 7-15.

Nola jarri harremanetan ezkutuko Jainko honekin? Nola hitz egin, zer esan, zer eskatu…? Jesusek ez digu leziorik eman, baizik bere barne harremana jarri digu agerian, bere barrua hustu eta bere otoitza agertu digu.

Txiki-txikitatik ikasi genuen otoitz hau, eta hainbat aldiz errepikatzen dugu geuk ere geure otoitz bihurtuz.

Luze jardun gaitezke iruzkinak egiten. Esanguratsuena, ordea, otoitz honetan Jesusen beraren bizipena da. Hainbat kasutan hain argi, hain zorrotz, hain aske agertzen den gizon hau, Jainko Aitaren aurrean haur baten gisara txunditua, miretsia eta guztia esperoan agertzen zaigu. Estreina, beti, Jainko Aitaren handitasunaz hunkitu; gero haren erreinua, haren nahia gauzatu, haren presentzia egiaztatu. Eta jarraian, gure egunerokoan beharrezkoa dena eskatu, lotsarik eta mugarik gabe, konfiantza osoz. Jesusen nahia bere erreinua eraikitzea baita. Eta gurea ere bai.

Eta nola ez diegu bada barkatuko besteei gu merezi gabe maitatu eta barkatu bagaitu Jainko Aitak? Jesusentzat oso normala eta logikoa.

Hala ere, geure berri apurtxo bat badakigu, eta jakin badakigu Gure Aita errezatzen jarraitu beharko dugula behin eta berriz, ea Jesusen bizipen hori barneratzen goazen.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.