HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Ekainak 15

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Begira, gero: ez egin zeuen egintza onak. jendaurrean, ikus zaitzaten! Bestela, ez duzue zeruetan dagoen Aitaren saririk izango. Limosna ematean, beraz, ez ibili aurretik turuta jotzen, itxurazaleak sinagogetan eta kaleetan ibiltzen diren bezala, jendeak txalotu ditzan. Egia esan, horiek jaso dute beren saria. Zuk limosna ematean, ordea, ez beza jakin zure ezkerrak zer egiten duen eskuinak; horrela, zure limosna ezkutuan geldituko da; eta ezkutuan ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina. Otoitz egitean, ez egin itxurazaleek bezala; horiek sinagogetan eta plaza-ertzetan zutik otoitz egitea maite baitute, jendeak ikus ditzan. Egia esan, horiek jaso dute beren saria. Zu, ordea, otoitz egitean, sar zaitez zeure gelan, itxi atea eta egiozu otoitz ezkutuan dagoen zeure Aitari; eta ezkutuan ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina. Barau egitean, ez agertu kopetilun, itxurazaleak bezala; aurpegia itsustu egiten baitute, barau egiten dutela jendeari agertzeko. Egia esan, horiek jaso dute beren saria. Zuk, ordea, barau egitean, gantzutu zeure burua usain gozoz eta garbitu aurpegia, jendeak ez, baino ezkutuan dagoen zure Aitak ikus dezan zure baraua; eta ezkutuan ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina».

Mateo 6, 1-6. 16-18.

Ohiko erlijio bideak ditugu hemen Jesusek aipatzen dituen hauek, hau da, Jainkoagana iristeko ohiko bideak: limosna, baraua eta otoitza (azkena biharko ebanjelioan agertuko zaigu). Lagun-hurkoaz arduratzea, Jainkoa norbere beharren gainetik ipintzea, eta berarekin harremanetan jartzea. Betiko bideak, baina oso era ezberdinean bizi daitezkeenak. Identitate edo nortasun erlijioso, jainkozale, espirituala ematen diguten ekintza bezala bizi ditzakegu, edo guztiaren gainetik Jainkoa gure bizitzaren gune bihurtu eta gainontzeko guztia horren arabera eta bestelako ardurarik gabe bizi.

Agian ez gaitu itxurakeriak mugitzen, baina sarri azpimarratu dugu kristauok kristauki jokatu behar dugula, kristau nortasuna agertazari behar dugula, gizartean argi eta gatz izateko nabarmendu behar garela… Horiek ukatu gabe (ez da lekua), ez dakit zenbateraino sinesten dugun ezkutuan lan egiten duen, ezkutuan ikusten duen Jainkoagan eta, ondorioz, ezkutuko izatean, nabarmendu gabe lan egitean. Hau ere praktikatu gabe ez da ikasten.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.