HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Ekainak 14

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Entzuna duzue antzinakoei agindua: “Maita ezazu zeure lagun hurkoa eta gorrota zeure etsaia”. Nik, ordea, hau diotsuet: Maita itzazue zeuen etsaiak eta egin otoitz eraso egiten dizuetenen alde, zeruetan dagoen zeuen Aitaren seme-alaba izan zaitezten, hark gaiztoentzat eta zintzoentzat ateratzen baitu eguzkia eta zuzenentzat eta zuzengabeentzat egiten euria. Izan ere, maite zaituztenak bakarrik maite badituzue, zer sari zor zaizue? Zergalariek ere ez al dute beste horrenbeste egiten? Eta zeuen senideak bakarrik agurtzen badituzue, zer egiten duzue berezirik? Jentilek ere ez al dute beste horrenbeste egiten? Izan zaitezte, beraz, guztiz onak, zeruko zuen Aita guztiz ona den bezala».

Mateo 5, 43-48.

Rousseauk defendatzen zuen, gizakia ona jaiotzen dela eta gizarteak gaiztotzen duela, ideia oso eztabaidatua izan da. Aski adostua dago zein eragin handia duten gure kulturaren ondare historikoan errotzen diren sustraiak eta inguru giza-kulturalak gizonaren eredua moldatzen. Garbi atera daitekeena da, ona eta gaiztoa hitzak ezin daitezkeela gure hiztegitik saihestu.

Mateok gaurko Ebanjelioan pausu garrantzitsu bat ematen jartzen du Jesus. Maitasunaren garaipena eskatzen du, Aitaren seme-alaba izateko etsai guztiak maite behar dirala esanez.  Jaunak, bere erruki amaigabean, gizon guztiak, onak eta gaiztoak, beretzat berdinak dira eta berdin maite ditu. Horregatik denei barkatzen dien bezala, kristauak ere  horrela jokatzen ahalegindu behar du.

Erronka handia da ezartzen duena, baina baita itxaropentsua ere. Jainkoak, gure Aitak, maitatzen duen bezala maitatzea ezin bada ere, bere eredua jarraitzen ahalegintzea ez da gutxi; pertsonak jartzen duen borondatea, irmotasuna eta beti aurrera gogoz egiteko bidea islatzen du. Laguntza ez zaio faltako. Zergatik ez saiatu?

Rosa Miren Pagola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.